}

DNAren egiturak mende-erdia

2003/04/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Aurten berrogeita hamar urte bete dira Watsonek eta Crickek DNAren egituraren berri eman zutenetik, eta munduak ospatu egin nahi izan du. Egunotan maiz entzungo da DNAren egitura zehaztea XX. mendeko zientzia-mugarrietako bat izan dela. Urte hartan bertan, ordea, 1953an, Max Perutzek proteinen egitura argitzeko oinarriak ezarri zituen; eta, 1955ean, Sanger-ek proteina baten aminoazido-sekuentzia irakurri zuen lehenengoz.
www.sciencephotogallery.com

Helize bikoitzak baino garrantzi txikiagoa dute ekarpen horiek? Argi dago ezetz. Orduan, zergatik hainbesteko desoreka ospakizunetan? Antza, dotorezian dago gakoa.

Helize bikoitza egitura dotorea da eta zientzia modernoaren ikono bihurtu da gaur egun. Artistek ere maite dute. Baina duela 50 urte ez zen horrela izan.

Aurkikuntza egin eta hurrengo urteetan helize bikoitzak ez zuen zientzialarien arreta handirik jaso. 1960ra arteko Science eta Nature aldizkarietan, adibidez, DNAz mintzatzen ziren oso artikulu gutxik egin zieten erreferentzia Watsonen eta Cricken egiturari. Bitxia, ikertu asko ikertzen baitzen orduan DNAren inguruan.

Alabaina, DNAren eta proteinen arteko harremana zein zen ez zegoen oso argi eta, batez ere, ez zekiten proteinak egiteko aginduak DNAn gordeta zeudela. Robert Olby-ren ustez, horregatik egin zitzaion hain kasu gutxi DNAren egiturari. Olby Pittsburg Unibertsitateko Filosofia eta Zientziaren Historiako irakasle emeritua da eta berak bildu ditu aipatutako datuak.

1950eko hamarkadaren hasieran, bazekiten DNA herentziaren molekula zela. Bazekiten, baita ere, proteinekin batera dagoela nukleoan, baina pieza guztiak ez zeuden lotuta. Oraindik ez zuten ulertu belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren ezaugarrien adierazleak proteinak direla. Horregatik, DNA eta proteinak bi ikerketa-lerro desberdinetan aztertzen ziren.

Watsonek eta Crickek, esaterako, kodetze-mekanismoaren ingurukoak azaletik baino ez zituzten aitatu egituraren berri eman zutenean. Iragarpena 1953ko apirilaren 25ean egin zuten, Nature aldizkarian, eta 1962an Medikuntzako Nobel saria jaso zuten. Baina sari hartarainoko bidea ez zen garbia izan.

Istorio iluna

DNAren egituraren ikerketa oso istorio iluna da. Pelikula baterako modukoa. Lau dira protagonista nagusiak: James Watson, Francis Crick, Maurice Wilkins eta Rosalind Franklin. 1950eko hamarkadan, Watsonek eta Crickek Cambridge-ko Cavendish laborategian egiten zuten lan eta DNAren egituraren eredu teorikoak soilik erabiltzen zituzten. Wilkins eta Franklin, berriz, Londresko King’s College-ko ikertzaileak ziren eta esperimentuak egiten zituzten DNAren egitura argitzeko.

ELLIOTT FRY

Franklin eta Wilkins ez ziren ongi konpontzen, ordea, eta Wilkinsek, kidearen datuak Cambridgera bidaltzen zituen, Crick laguna baitzuen. Elkarrekin lan egin ordez, Wilkins, Crick eta Watson azpijokoan ibili ziren eta Rosalind Franklinen lanez baliatu ziren DNAren egitura argitzeko. Franklinen esperimentuek iradoki zieten Watsoni eta Cricki DNAk helize-itxura izan behar zuela eta hari esker jakin zuten helize hori bi katek osatzen zutela, eta ez hiruk.

Egitura zehatza, ordea, hau da, kateek baseak parekatuz heltzen diotela elkarri, Watsonek asmatu zuen. Franklin gertu ibili zen, oso gertu, baina laneko giro txarrak bultzatuta ikerketa bertan behera utzi eta alde egin zuen. 1958an minbiziak jota hil zen.

Orain, 50. urteurrenarekin batera, Rosalind Franklinen biografia interesgarri bat kaleratu du Brenda Maddox kazetari eta idazleak, eta han bildutakoak ikusita, ez litzateke harritzekoa noizbait zineman ikustea.

DNAren egitura argitu ondoren, urte batzuk pasatu ziren DNAren eta proteinen arteko lotura egin eta ikerketa-lerroak bateratu ziren arte.

Lerroak bateratzeko urrats nagusia George Gamow astronomoak eman zuen. Bizitzako azken urteetan DNA ikertzeari ekin zion eta teoria bat proposatu zuen DNAk informazioa nola kodetzen zuen azaltzeko. Bere ustez, kode hori proteinak egiteko aginduek osatzen zuten. Baina zein zen kodea zehatza?

DNAren hizkuntzalariak

DNAren hizkuntza lau letraz osatuta zegoen eta horiek 20 letrako beste hizkuntza batera itzuli behar ziren, proteinen hizkuntzara. Zein ote zen konbinazio egokia? DNAren letrak binaka hartuta hamasei aukera zeuden, gutxiegi, beraz; eta hirunaka 64. Izan zitekeen. Baina, hala bazen, zein hirukote zegokion aminoazido bakoitzari? Bakarrak balio zuen ala gehiagok?

U.S.DEP.ENERGY

Gamowren proposamenak interes handia sortu zuen zientzialarien artean eta hogei zientzialarirekin klub bat sortu zuen, komunikazioa eta laguntasuna sustatu eta kode posibleak proposatu eta eztabaidatzeko: RNA gorbataren kluba. Klub berezia zen. Kide bakoitzak gorbata bat zuen RNAren egiturarekin eta orratz bat aminoazido baten izenaren laburdurarekin. Laburdura hori kidearen goitizena zen. Klub horretan parte hartu zuten, besteak beste, Watsonek eta Crickek. 1954a zen eta gauzak aldatzen hasi ziren. Proteinazale askok arreta handiagoarekin begiratu zioten orduz gero DNAri.

Hiru urte geroago, 1957an, Crickek Dogma Nagusiaren berri eman zuen Biologia Esperimentalaren Elkartearen sinposioan: DNAtik, RNAra, proteinara.

Liburu batean aitortu zuenez, atentzioa erakartzeko erabili zuen dogma hitza, benetan zer esan nahi zuen jakin gabe. Dogma oinarrizko egiatzat hartzen den baieztapena da, frogak izan ala ez. Baina, kasu honetan, ezin da esan Crickena frogatu ez denik. Gaur denok sinisten dugu horretan.

Informazio gehiago:
Giza Genoma dosierra. Eguneratua!

Bertan aurkituko dituzu:
DNAren egitura zehaztu zeneko kontuak, Rosalind Franklinen historia, DNAren ikerketaren mugarri nagusiak, zer den genoma, nolakoa den, giza genomaren sekuentziazioaren historia, mutazioen eragina, beste zein izakiren genomak deskodetu diren...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia