}

Denboraren neurketa

1986/08/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Denboraren neurketa izango da, orain aztertzen saiatuko garen Astronomiaren oinarrizko problema.
1. irudia.

Aurreko alean urtaroen sorrerari buruz aritutakoan, fenomenoaren arrazoia eta berezitasunik garrantzitsuenak argitzen saiatu ginen. Nahiz eta bertan eguna eta urtea sarritan aipatu, ez zen beraien iraupena aztertu. Denboraren neurketa izango da, hain zuzen ere, orain aztertzen saiatuko garen Astronomiaren oinarrizko problema eta hurrengo batean, mendebaldean erabiltzen dugun egutegi-antolaketaren xehetasunez arduratuko gara.

Denbora neurtzeko betidanik erabili diren higidura periodikoak, Lurraren biraketa, bere Eguzkiaren inguruko translazioa eta Ilargiaren Lurrarekiko translazioa izan dira. Horrela eguna, urtea eta hilabetea hartu dira, hurrenez hurren, denbora-unitatetzat. Saia gaitezen orain, kontzeptu hauek egunero erabili ohi ditugun baino zehaztasun handiagoz definitzen.

Asmatzekoa denez, denboraren neurketarako erreferentzia batzuk beharko ditugu. Horietako bat, segidan definituko dugun aries puntua izango da. Aries puntu honi, udaberrikoa edo ere deitu ohi zaio eta, ikusiko dugunez, ezaguna da iparraldeko hemisferioko udaberriaren hasierarekin erlazionatua dagoelako. Aries puntua konkretuki, fenomeno hori gertatzen denean Eguzkiaren zentrua ortzean proiektatuz lortzen dugun puntua da. (Ikus 1. irudia). Zuzen honen beste muturra, udazkenekoa, libra edo ý puntua da.

2. irudia.

Dena den, Lurrak eta Eguzkiak parte hartzen duteneko problemen azterketa egiteko, jeneralean ez da lehenengo irudian hartu dugun sistema erabiltzen; sistema geozentrikoa baizik. 2. irudian ikusten denez, Lurra zentruan kontsideratuko dugu, biraketa-ardatza bertikalki eta ekuatorea ortzean proiektatua duelarik. Ikuspuntu honetatik, Eguzkia dugu ortzean proiektatua eta ekliptika osatuz urtean zehar Lurraren inguruan desplazatzen ikusten duguna. Dakigunez, udaberria eta udazkena hasten direnean, Eguzkia ekuatorearen gainean dago, beraz, eta ý puntuak ekuatorea eta ekliptikaren arteko ebaki-puntuak dira.

puntuari aries deitzearen arrazoia, historikoa da. Zodiakoko konstelazioak (hau da, ortzean ekliptikaren inguruan dauden konstelazioak) izendatu zirenean, orain 2000 urte gutxi gorabehera, puntua (hots, Eguzkia udaberri egunean) Aries konstelazioan zegoen. Hori dela eta hartu du izena. Dena den (esan beharra dago) puntua higitu egiten da ortzean eta gaur egun Piscis-en dago, nahiz eta jeneralean aldaketa hau kontuan izan gabe udaberria Eguzkia Aries-en sartzen denean hasten dela esan.

Aipaturiko ekinokzioen higidura (ekinozioen prezesioa) Lurra poloetan zapaldua dagoelako sortzen da. Zapalkuntza hori dela eta, erradioa handiagoa da ekuatorean. Beraz, Ilargiaren eta Eguzkiaren erakarpenak ekuatorea ekliptikarekin bat egitera daramate, 23°27"ko angeluak txikiagotzera jotzen duelarik. Bestalde, poloak norabidea mantendu beharrean, lehen aipaturiko angeluko kono bat deskribatzen du ekliptikaren elkartzutaren inguruan, ziba baten ardatzak higidura bukatzera doanean egiten duen bezala (Ikus 3. irudia). Higiduraren periodoa, 25.770 urte ingurukoa dugu. Beraz, urtean 50,29" higitzen da. Poloarekin batera ekuatorearen planoa ere aldatu egiten denez, puntua ere 50,29" higitzen da urtean.

3. irudia.

Honenbestez, egun izartarra eta eguzkitiarraren arteko bereizketa egiten has gaitezke. Lurraren biraketaren iraupena neurtzeko erreferentziatzat izar bat erabiltzen badugu, orduan egun izartarra mugatzen ari gara. Hau da, egun izartarra izar batek puntu baten meridianoaren gainetik bi igaroaldi jarrai egiteko behar duen denbora-tartea dugu. Egun eguzkitiarra, berriz, erreferentziatzat Eguzkia hartuz lortzen duguna da.

4. irudian ikus daitekeenez, bigarren egun hau izartarra baino pixka bat luzeagoa dugu. Demagun egun izartarra neurtzeko hautatu dugun izarra, Eguzkia eta Lurra lerrokatuak daudela une jakin batean, eta lehenengo biak Lurreko P puntuari dagokion meridianoan daudela. Lurrak, translazio eta biraketa-higiduraren ondorioz 2 puntura iristean, izarra, infinituan dagoenez, P puntuaren meridianoan izango luke berriz ere; baina oraindik pixka bat gehiago biratu beharko luke Eguzkia P-ren gainean izateko.

Astronomian egun izartarrak zenbait erabilera badu ere, gure eguneroko bizitzan egun eguzkitiarra erabili behar dugu. Bestela, ez lirateke gaua eta eguna argiarekin batera joango eta eguna ez litzateke beti gauerdian hasiko. Arazo hau 5. irudiaren laguntzarekin ulertuko dugu. Demagun Lurra 1 puntuan dagoela. Aldiune horretan P puntuan egun izartarra eta eguzkitiarra hasten dira, hau da, 0-ak dira eta eguerdia da. Hilabeteak pasa ahala egun biak desfasatuz doaz eta 2 posizioan egun izartarrak hasi behar duenean Eguzkia ateratzera doa. Urteerdia pasa ondoren, berriz, egun izartarraren hasiera, 0-ak, gauerdian gertatzen da. Esan bezala, bada, ordu ofiziala egun eguzkitiarrean oinarritu behar da.

4. irudia.

Dena den, egun eguzkitiarra ere, ez da denbora neurtzeko egokiena; ez da beti berdina eta. Jakina denez, Lurraren translazio-abiadura ez da beti berdina; perihelioan handiagoa da. Kepler-en bigarren legearen arabera erradio bektoreak azalera berdinak bete behar ditu denbora berdinetan. Horregatik, Lurra perihelioan dagoenean egun batean ibiltzen duen arkua handiagoa da; beraz, angelua ere bai eta eguna ere bai. Arazo hau gainditzeko, batezbesteko egun eguzkitiarra definitzen dugu; beti berdina eta 24 ordutan zatitua. Kontuak honela eginez, egun izartarrak 23 h 56 m 4,09 s ditu batezbeste.

Fenomeno astronomikoen orduak emateko, jeneralean denbora unibertsala, (UT) deitzen dena, erabiltzen da. Denbora unibertsala Greenwich-eko eguzkiarekiko ordua dugu, hau da, ordu ofizialari bat edo bi kenduz, urtearen garaiaren arabera, lortzen duguna.

Finka ditzagun orain urte-motak. Eguna definitzerakoan bezalaxe, orain ere erreferentziak finkatu beharko ditugu lehenengo. Erreferentziatzat izar finko bat hartzen badugu, urte izartarra lortuko dugu: Eguzkiak, Lurrak eta izarrak posizio erlatibo berbera bi aldi kontsekutibotan hartzeko behar duten denbora, hau da, Lurrak Eguzkiaren inguruan 360°ko angelua egiteko behar duen denbora. Urte tropikoa modu berean, baina erreferentzitzat puntua hartuz definitzen da.

5. irudia.

Urte tropikoa izartarra baino pixka bat motzagoa da prezesioak puntua Eguzkiaren higiduraren aurkako norantzaz higitzen duelako. Horregatik Eguzkiak, bira betetzerakoan, puntua 50,29" aurrerago aurkitzen du. Konkretuki, urte izartarrak 365 egun 6 ordu 9 minutu eta 10,1 segundoz irauten du eta tropikoak 365 egun 5 ordu 48 minutu eta 47,5 segundoz.

Egutegia egiteko, urte tropikoa erabiltzen da urtaroekin batera doalako. Izartarra erabiliz gero, urtaroak 20 minutu inguru aurreratuko lirateke urtetik urtera eta mendetan zehar pilatuko litzatekeen desfaseak, nekazal lanen antolaketan adibidez, eragina izango luke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia