Elhuyar zientziaren komunikazioa

Déjà-vu, dagoneko ikusi izanaren sentipena

2007/07/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Déjà-vu: jakin zerbait erabat berria dela norberarentzat, eta, hala ere, hori bera lehen ere ikusi edo bizi izana sentitzea. Oso sentsazio bitxia da, nolabaiteko egonezina eta harridura sortzen du izan duenarengan; baina, bestalde, nahiko ohikoa da, inkestetan hamarretik zazpik edo gehiagok aitortzen baitute inoiz sentitu dutela.

déjà-vu sentsazioa oso bitxia da, egoera berri bat lehen ere bizi izan dela sentitzen baita, hori ezinezkoa dela jakinda ere.

Émile Boirac parapsikologo eta esperantoaren bultzatzaile frantziarrak eman zion izena sentsazio horri XIX. mendearen bukaeran, eta, geroztik, hainbat arlotako ‘adituek’ aztertu dute: psikologoek, neurologoek, parapsikologoek, igarleek... Antza denez, hain fenomeno bitxia izanda, sasizientzialariek ere eman nahi izan diote nolabaiteko azalpena.

Alabaina, zientzia ere arduratu da horretaz, eta azalpen errazik ez badu ere, ikertzaileek gero eta hobeto ezagutzen dute sentsazio hori sortzen duen mekanismoa. Massachusetteseko Teknologia Institutuko ( MIT ) Susumu Tonegawa neurologoak gidatu du argitaratu den azken ikerketa. Tonegawak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen 1987an, eta hamar urte baino gehiago daramatza hipokanpoak oroimenean zenbateraino parte hartzen duen aztertzen.

Hipokanpoa garunaren zati bat da, eta, besteak beste, memoria episodikoarekin erlazionatuta dago. Memoria episodikoak esperientzia bidez ezagututako denboren, lekuen eta gertaeren oroimenak sortzen ditu. Bada, Tonegawak egin duen ikerketaren arabera, badirudi hipokanpoaren akats batek sortzen duela déjà-vu sentsazioa. Akatsa hipokanpoaren zein zatitan gertatzen den ere argitu du; hain zuzen, antzekoak baina desberdinak diren lekuak eta esperientziak bereizten dituen zatian gertatzen omen da.

Sagu mutanteak

Memoria episodikoak esperientzia bidez ezagututako denboren, lekuen eta gertaeren oroimenak sortzen ditu hipokanpoak. Irudian, berdez.
(Argazkia: Johns Hopkins Unibertsitatea)

Ondorio horietara heltzeko, Tonegawaren taldeak sagu mutanteak erabili ditu, genetikoki eraldatutako saguak, alegia. Saguei ikasketan eta oroimenean gako diren errezeptore batzuei (NMDA errezeptoreak) dagokien genea blokeatu zieten, eta haien portaera eta sagu arruntena alderatu zituzten.

Esperimentuan, bi sagu-motak kutxa batean jarri zituzten. Kutxak metalezko zorua zuen, eta, lekura ohitzeko eta tokiaren oroimena sortzeko denbora-tarte bat utzi ondoren, deskarga elektriko txiki bat eman zieten hanketan, zoruan zehar.

Hurrengo egunean, bezperako kutxa berean jarri zituzten lehenik, eta, gero, antzeko kutxa batera eraman zituzten. Bestea ia berdina zen, baina usain desberdina zuen, eta pixka bat desberdinak ziren sabaiaren itxura eta zoruko materiala ere.

Ikertzaileek sagu mutanteak erabili dituzte déjà-vuaren gakoak argitzeko.

Lehen kutxan sartutakoan, deskarga elektrikoarekin gogoratuta, beldurrez dardarka hasi ziren sagu guztiak. Bigarren kutxara eramandakoan, berriz, sagu arruntak lasaitu egin ziren, baina mutanteak ez, mutanteak han ere beldurtu egin ziren.

Tonegawaren esanean, sagu mutanteak ez ziren bi kutxak bereizteko gai. Kutxak elkarren artean oso desberdinak direnean, sagu guztiak ohartzen dira aldeaz, baina, antzekoak badira, sagu mutanteak ez dira jabetzen. Hori hobeto frogatzeko, elektrodoak jarri zizkieten saguei, eta hipokanpoaren jarduera sakon aztertu zuten.

Horrenbestez, badirudi iraganean antzeko leku batean izan garenean edo antzeko esperientzia bat bizi izan dugunean eta orainean desberdintasun horietaz jabetzeko zailtasunak ditugunean gertatzen dela déjà-vu sentsazioa.

Ikerketa horrekin, gainera, frogatu dute NMDAri dagokion genearen funtzionamendua funtsezkoa dela antzekoak baina desberdinak diren esperientzien oroimenak bereizteko. Haien ustez, adinaren edo Alzheimerraren moduko gaixotasunen ondorioz memoria episodikoan galerak dituztenei laguntzeko balio dezake ikerketak.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia