}

Daniel Zulaika: “Gizarteak aldatu egin du hiesari buruzko mentalitatea”

2001/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

5,3 milioi pertsona kutsatu ziren iaz Giza Immunoeskasiaren birusarekin (GIBarekin); hiesa zuten pertsonen kopurua, berriz, 6,1 milioikoa izan zen, eta hil, 3 milioi pertsona hil ziren hiesaren ondorioz. Datuak hotzak direla diote, baina datu horien aurrean ez dago hotz geratzerik. Mugarik gabeko gaixotasuna da hiesa, bizitza estilo modernoaren isla: ez du muga geografikorik, ez eta muga biologikorik; jantziz aldatu, ezagutzen ez zitzaion aurpegiak erakutsi eta ugaritzen trebea baita. Ia Interneteko birusak baino aldakorragoa da. Hortik dator txerto eraginkorra lortzeko zailtasuna. Internetek aldatu omen du mundua, baina hiesa ez zaio atzean geratu: herrialde garatuetan drama bihurtu da eta txiroetan, berriz, tragedia. Afrika beltzak dagoeneko ez du etorkizunik, milioika lagun hil ditu hiesak, gazteak batez ere. Asiako errealitatea ez da, oraindik, hain gordina izatera iritsi, baina iritsiko omen da. Hemen, herrialde garatuetan, gizarteak hiesarekin bizitzera ohitu behar izan du, hiesdunak onartzen ikasi, eta seropositiboek hiesarekin bizitzen ikasi behar izan dute. Tratamendu erretrobiralek itxaropenerako ateak ireki dizkiete, putzutik atera dituzte... hirugarren munduak, ordea, ez du horrelako aukerarik izan, eta, gauzak aldatzen ez diren bitartean, ez dirudi izango duenik ere. Beraz, txerto eraginkorrean izan behar itxaropena. Eta horretan ere hiesak aldatu egin du zientzia eta ikertzaileen lana, gaixotasun honek 20 urte betetzen dituen honetan egunero milaka ikertzailek elkarrekin lanean dihardutelako ezagutzen den birus mutanteenaren aurkako borrokan garaile atera ahal izateko. Bitartean, elkartasun apur batek ez lioke inori kalterik egingo, ihesik gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko Hiesaren Prebentziorako eta Kontrolerako Plana duela 14 urte jarri zen abian. Ordutik, Daniel Zulaika da plan horren burua. Sendagilea da bera, eta Donostia ospitaleko barne-medikuntza sailean ziharduen lanpostu berrirako deitu ziotenean. Eginbeharra bukatzen duenean ospitalera itzultzeko asmoa du, hiesa duten gaixoei laguntza ematera, gaixotasun infekziosoen unitatera. Berak dioen bezala, “hiesarekin lanean jubilatuko naiz”.

Daniel Zulaika: “Gizarteak aldatu egin du hiesari buruzko mentalitatea”

Datuek erakusten dutenez, Euskal Herrian hiesaren eragina gutxitzen ari da. Dagoeneko ez da beldurra eman behar duen gaixotasuna?

B. Kortabarria

Nire ustez hiesaren errealitatea konplexu samarra da. Hiesaren lehen kasuak agertu zirenetik 20 urte bete dira, eta denbora horretan hiesak mundua aldatu du. Hemen, gaur egun, hiesaren inguruan dauden gaien artean garrantzitsuena prebentzioarena da; prebentzio-lana ondo egiten bada, hiesaren birusa barreiatzea saihesten baita. Horrek berebiziko garrantzia izango du txerto eraginkorra izatea lortzen dugun arte, noizbait izatea lortzen badugu. Hortaz, prebentzioari dagokionez, nik uste dut denbora horretan guztian alde onak eta txarrak egon direla, beste hainbat arlotan egon diren moduan.

Alde onei begiratuz gero…

Oraingoei, duela gutxikoei, erreparatzen badiegu, kartzelak aipatu beharko lirateke. Une honetan Langraitzen xiringak trukatzeko programa abian dugu, Basaurin 1997an jarri zen martxan eta gero Martutenen. Horrelako programak ezartzen lehena Euskal Autonomia Erkidegoa izan da, baina beste batzuk ere izan dira, antisorgailuen banaketa eta metadona-programak adibidez. Hiesak berak kartzeletan iraultza eragin du. Oraindik asko egiteko dago, ez naiz triunfalista, gai honetan ezin delako izan.

Beste aldaketa nabarmena hiesaren birusaz infektatutako umeak jaiotzea galaraztea izan da. 1984. urtean, emakumezko seropositiboek erditzen zituzten bost umetatik bat infektatua jaiotzen zen, asko hil egiten ziren eta umezurtz geratzen zirenak ere ez ziren gutxi izan. Gaur egun, umea birusak infektatuta jaiotzeko aukera % 0,1ekoa da. Niretzat hori itzela izan da, ikustea nola lortu dugun GIBaren transmisio-bideetako batekin bukatzea.

Tratamenduaren eraginez izan da hori guztia?

Batetik, haurdun dauden emakumezkoei ematen zaien AZT tratamenduaren —erretrobiralen— eraginez, eta, bestetik, erditzeak zesarea bidez egiteagatik. Izan ere, dagoeneko badakigu hiesaren birusa fetura gehienetan erditzeko unean sartzen dela, erditze-kanalean infektatzen delako; zesarea bidez, ordea, tripa ireki eta umea ateratzen da, infekzio-arriskurik gabe. Niretzat hiesaren aurkako borrokan aurrerapen sinboliko handia izan da; hori, eta kartzeletan xiringak trukatzea. Xiringen programa hemen eta estatu espainiarrean baino ez da egiten. Munduko gainerako herrialdeetan kartzeletako egoera hondamendizkoa da.

Eta hainbesteko garrantzia du xiringak trukatzeak?

Bai, baina hala ere uste dut apur bat berandu iritsi garela, lehenago hasi behar genuen horrekin. Baina kalean ere xiringak trukatzeko programak abian jartzeak nahikoa lan eman digu, ez da erraza izan. Gobernuz kanpoko erakundeak 1987. urtean hasi ziren horrelako programekin; Bilbokoa izan zen lehena. Gero, programak botiketan ezartzeko ere, gizarte osoaren eboluzioa beharrezkoa zen. Orain normaltzat jotzen dugu, baina hasi ginenean eta geure lankideek berek —sendagileek eta erizainek— esaten zutenean drogazaleei metadonarik ez zietela eman nahi, luxuzko trafikatzaile izaterik ez zutela nahi… entzun egin behar zen, eta gizarteak berak esaten zuen “eurek nahi izan dute…”; mentalitatea poliki-poliki aldatu egin da.

Kartzelez ari zara, drogazaleez… hiesak marginala izaten jarraitzen du?

Eta gay-kolektiboa ere hor dago. Hiesa hasieran marginala izan zen, baina gerora gizarte osoari eragin zion; dagoeneko eskoletan sexu-hezkuntzaz hitz egiten da, afektibitateaz… Hiesak sexu-heziketa normalizatu egin du. Hiesa hasi zenean, sexuaz eta antisorgailuez hitz egitea tabu zen. 80ko hamarkadan sexualitateaz oso gutxi hitz egiten zen, eta hiesaren ondorioz hezkuntza-sisteman sartzea lortu zen.

Gaixoek nola bizi dute hiesa gaur egun Euskal Herrian?

Nik esango nizuke drogarekin izan daitezkeen arazoak —epaiketak, kartzelan egon beharrak, metadona hartu beharrak— alde batera utzita, gainerako gaixoen bizitza ona dela. Antierretrobiralen sarrera medikuntzaren historian penizilinaren asmakizunarekin bakarrik pareka daitekeela esango nuke. Hiesa urtero milaka pertsona hiltzen ari zen eta, bat-batean, duela urte batzuetako medikuek bilatzen zuten mirarizko sendagaiaren antzeko zerbait aurkitu dute. Fleming-en antibiotikoen asmakuntzarekin bakarrik konpara daitekeela uste dut. Medikuntzaren historian ez da egon sufritzen ari ziren pertsonak berpiztea eragin duen beste horrelako gertaerarik. Gaixoek argi esaten dute hori: “Ni gaizki nengoen, urtean seitan ingresatu beharra nuen… tratamendu erretrobiralarekin hasi nintzen eta ondo bizi naiz, bizitzeko gogoa daukat, umeak izan nahi ditut…”. Gaur egun seropositiboen eskaera nabarmenenak —beste askorenak bezala— etxebizitza eta lana dira.

Eta gizartearentzat zerbait marginala izaten jarraitzen du?

Marginazioaren gaian uste dut asko hobetu dugula. 1987. urtean eskolaratu genuen lehen haur seropositiboa eskola batean. Irakaslea dardarka zegoen, ez zuen lorik egiten, estresatu egin zen, tratamenduan jarri behar izan zuen… gaur egun horrelakorik ez da gertatzen. Marginazioaren gaian asko aurreratu da, baina aurreratu dena baino gehiago dago egiteko.

Hiesaren prebentziorako eta kontrolerako plana duela hamalau urte jarri zen abian. Balorazio laburra egiteko, zer esango zenuke?

Bide luzea egin dugula, gauza positibo asko dagoela, baina ezin garela triunfalistak izan, pistoia jaisten badugu ez dagoela zer eginik. Hiesak hilgarria izateari utzi dionean jendea berriro hasi da egoera arriskutsuetan jartzen. Drogazale berriekin hori gertatzen ari da, baita homosexual gazteekin ere. Pertsona horiek ez dituzte beren lagunak hiesaren ondorioz hiltzen ikusi eta, beraz, prebentzio-neurri gutxiago hartzen dituzte. Uste dut gaur egun erronka berriak ditugula esku artean, Internet bera adibidez. Belaunaldi gazteei informazio ona jarri behar diegu eskura, informatuak egon daitezen. Eta inmigrazioaren gaia ere ate joka dugu —batez ere Bizkaian—, prostituzioan hasten direnekin adibidez. Inmigranteak kolektibo marginal bihurtzen baditugu, duela 20 urte beste kolektibo batzuekin gertatu zen bezala, akats bera egiten ariko gara.

Noizko hiesaren aurkako txertoa?

1990. urtean Montagnierrek esan zuen hamar urteren buruan hiesaren aurkako txertoa izango genuela. Aurten, martxoan egindako mintegi batean, kazetariek galdera bera egin zioten, eta berak esan zuen bazitekeela hamar urte barru txertoa izatea. Arazoa ez da txertoa noizko. Kontua da jakitea txertoa eraginkorra izango den edo ez. Gripearen txertoa urtero aldatzen dugu; hiesaren birusak gripearenak baino mutazio gehiago izaten ditu. Guk aurki dezakegu txertatuen % 10 babestuko dituen txertoa, baina horrek ez du ezertarako balio; % 20 babestuko dituena ere aurki dezakegu… Ez du balio. Gizarteak % 100 ziurtatuko duen txertoa eskatzen du. “Seropositibo batekin sexu-harremanak baditut ez naizela kutsatuko ziurtatuko didazu?” galdetzen dute. Gizartearen eskakizuna horrelakoa izanik, % 100 eraginkorra izango den txertoa lortu arte ezin izango da txertoez hitz egin.

Beraz, galderaren erantzuna honako hau da: gaur egun badugu txertoa, prebentzioa. Prebentzioan dago gakoa, hiesarekin bizitzen ikasi behar dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia