}

COVID-19aren agotak

2020/10/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19aren-agotak
Arg. Artxibokoa

Mendeetan, agotek bereizkeria pairatu zuten: herrietatik kanpo bizitzera behartuta zeuden; arropa eta elementu bereizgarriak nabarmendu behar zituzten; debekatua zuten gainerako biztanleekin ezkontzea; ura aparteko iturrietan hartu behar zuten; leku bereizituan entzun meza; eta, legenarra kutsatzen zutela uste izan zuten garaietan, kanpaitxo bat jo behar izaten zuten, besteak ohartarazteko.

Agotak aspaldiko kontua badira ere, fenomenoa ez da desagertu. Sifilisaren garaian, putazaleak ziren agotak; hiesarenean, gizon homosexualak eta heroinazaleak; eta COVID-19arenean, gazteak, talde pobretuak (migranteak, langile prekarioak...) eta diagnostikoan positibo emandako edonor.

Mekanismoa berbera da denetan: ezjakintasunaren eta gaixotzeko beldurraren ondorioz, gaixoa edo infektatua bestetzat hartzen da, eta harengandik bereizteko joera agertzen da. Estigmatizazio horrek, ordea, ondorio larriak ditu, bai baztertutako norbanakoarengan, bai gizarte osoan.

Norbanakoarengan, osasun fisikoan, psikikoan eta emozionalean eragiten du bazterkeriak, eta areagotu egiten da diagnostikoa edo gaitza ezkutatzeko arriskua, baita osasun-zerbitzuetara joatea saihestekoa eta prebentzio-neurriak ez hartzekoa ere. Horrek guztiak dakar zailagoa izatea gaitzaren hedapena kontrolatzea gizartean. 

Estigma, baina, uste oker batetik jaiotzen da: gaixoa edo infektatua nahita edo zerbait gaizki egin duelako gaixotu edo infektatu dela. Eta ez da hala. Gaixotasun infekziosoen hedapenean aldagai ugarik eragiten dute, eta askok ez dute erlazio esturik mikrobiologiarekin edo medikuntzarekin, gizarte-baldintzatzaileekin baizik: ezaugarri demografikoak, osasun-zerbitzuetan arta jasotzeko aukera, soldatapeko lana eta etxebizitza, elikadura, ingurunea...

The Lancet aldizkariak argitaratutako txosten batek ere horixe berresten du. Txostenean, bederatzi herrialdek konfinamenduaren ondoren egin duten kudeaketa alderatu dute: Hong Kong, Japonia, Zeelanda Berria, Singapur, Hego Korea, Alemania, Norvegia, Erresuma Batua eta Espainia.

Egileen arabera, azken bi horiek dira bilakaera okerrena izan dutenak, kudeaketaren akatsengatik eta baliabide-gabeziagatik. Besteak beste, Espainiari egotzi diote neurriak ezartzean ez izatea kontuan irizpide zientifikoak, kasuen jarraipen eskasa egitea, eta osasun-sistema ahula izatea, ZIU gutxirekin.

Horrez gain, nabarmendu dute Asiako herrialdeak, oro har, hobeto prestatuta zeudela izurri infekzioso bati aurre egiteko, iraganean beste izurri batzuk izan dituztelako eta haietatik ikasi dutelako.

Are gehiago: Erresuma Batuaren eta Espainiaren bilakaera okerra hamarkada bat baino gehiagoan egindako murrizketen ondorio dela adierazi dute. Eta ez besteak ez direlako jator portatu, edozein herritako ez-jaixetan. Azalpena ez da hain erraza, eta konponbidea ere ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia