}

COVAX egitasmoaren lehen txertoak banatzen hasi dira

2021/02/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covax-egitasmoaren-lehen-txertoak-banatzen-hasi-di
COVAX egitasmoaren lehen 600.000 dosiak iritsi dira Ghanara. Arg. UNICEF/UN0421458/Kokoroko/COVAX

COVAX egitasmoaren lehen dosiak jada iritsi dira beren helmugara. Gavi Txertaketarako Aliantza Globalak, OME Osasunaren Mundu Erakundeak, UNICEFek eta CEPI Epidemietarako Prestatzeko Berrikuntzen Koalizioak bultzatzen dute egitasmo hori, eta haren xedea da COVID-19aren txertoak herrialde pobretuetara bideratzea. Lehen 600.000 dosiak eta xiringak iritsi berri dira Ghanara, eta, jarraian, Boli Kostara eta Zimbabwera ere bidaliko dituzte. Ondoren etorriko dira Afganistan, Haiti, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia eta Somalia, eta helburua da aurten 2.000 milioi dosi banatzea. 

COVAXen asmoa da 92 herrialde pobretuenak 98 ekonomikoki aberatsenekin batera jasotzea txertoak. Horretarako, estatuen eta nazioarteko erakundeen finantzaketa jaso du COVAXek, eta, oraingoz, Europako Batasunak egin du ekarpenik handiena.

Banatu dituzten lehen dosiak Oxford-AstraZenecaren txertoarenak dira. Hain zuzen, OMEk aurretik txerto horren bi bertsio baimendu zituen: Hego Korean AstraZeneca-SKBiok egindakoa, eta Indian Serum Institutuak ekoitzitakoa. 

Txerto horiek abantaila nabarmenak dituzte mRNAn oinairrutakoekin alderatuta (Pfizerrena eta Modernarena): 2-8º C-tan gorde behar direnez, eta ez zeroz azpiko tenperaturetan, askoz ere errazagoa da haien kudeaketa. 18 urtetik gorakoen adin-tarte guztietan ematea gomendatu dute. 

Europan eta beste lekuetan ematen ari direnak bezala, jaso duten baimena larrialdikoa da; hau da, jarraipen estua egingo zaie txertaketei, datuak bildu eta, haietan oinarrituta, behin betiko baimena lortzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia