Elhuyar zientziaren komunikazioa

Carlos Matute Almau Neurozientzialaria

“Naturako organorik miresgarriena da garuna”

2017/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Achucarro Neurozientzien Ikerketa Zentroak egoitza berria estreinatu duela aitzakiatzat hartuta deitu diogu zentroaren zuzendari zientifikoari, Carlos Matute Almauri. Berehala eman dio baiezkoa elkarrizketa egiteko eskaerari. Eta berehala erantzun die galderei; izan ere, garbi dago: garuna du pasio.

carlos-matute-almau-naturako-organorik-miresgarrie

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Zalantzarik gabe, garuna bera eta garunari buruzko ikerketak izan dira niretzat txundigarrienak eta nigan eragin handiena izan dutenak. Santiago Ramón y Cajalengandik hasita, haren marrazkiak, ikusten zuena deskribatzeko begirada zorrotza eta adimena asmatzeko nola funtzionatzen zuen egitura konplexu hark... Hasieratik liluratu ninduten, eta oraindik ere liluratuta naukate.

Alderdi zientifikotik Einsteinen, Newtonen eta Darwinen mailakoa izan da Ramón y Cajal ekarpena, eta, horrez gain, artista ere bazen. Eskuetan ditut bere irudiak biltzen dituzten bi liburu, 1972koak, orduko nire zuzendariak oparitutakoak nire ezkontza-egunean. Zoragarriak dira.

Gero ere beti txunditu nau garunak: Medikuntza fakultatean ikasten ari nintzela, iruditzen zitzaidan garuna kutxa magiko bat zela, misterioz eta sekretuz betea. Eta, oraindik ere, mikroskopioan begiratzean azaltzen diren paisaiak ezin ederragoak iruditzen zaizkit. Naturako organorik miresgarriena da.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Hainbeste gauza erantzun daitezke... Baina behin eskatzen hasita, gustatuko litzaidake ikustea botika eraginkorrak lortzen direla gaixotasun neurologikoei aurre egiteko. Alzheimerrerako, adibidez, ditugun botikak aringarriak dira, eta ez sendagarriak. Sendatu, ezingo da sendatu, baina bai arindu eta gerarazi.

Ikaragarri gustatuko litzaidake hori lortuko duen tratamendu baten sorreraren lekuko izatea, ikustea gai garela gaixo horiek pairatzen duten galera saihesteko. Izan ere, lazgarria izan behar du konturatzea bizi izan duzun guztiak, izan zarenak, ihes egiten dizula. Hori saihestea lortzen badugu, eta berdin zait nork lortzen duen, denok egingo dugu topa. Hau talde-lana da, eta denok ospatuko dugu.

Carlos Matute Almau
Achucarro Neurozientzien Ikerketa Zentroko zuzendari zientifikoa da. 1982an lortu zuen doktoretza Zaragozako Unibertsitatean, eta, 1987tik, EHUko Anatomia eta Enbriologia katedraduna da. 2013an “Academia Europae” elkarteko kide izendatu zuten.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia