Elhuyar zientziaren komunikazioa

Entzun Zientzia.net

Bizkarroiek egin dute indar handiena gizakion gene-aldakortasunean

2012/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bizkarroiek-egin-dute-indar-handiena-gizakion-gene
Schistosoma generoko zizare bizkarroia. Arg. Bruce Wetzel eta Harry Schaefer

Patogenoetara egokitzea hautespen naturalaren eragile handiena da, klima eta dieta baino gehiago

Patogenoak izan dira gizakion hautespen naturalean gehien eragin duten inguruneko faktoreak, eta, bereziki, zizare bizkarroiak. Ondorio horretara iritsi da Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile bat buru izan duen talde bat, PLoS Genetics aldizkarian berri eman duenez.

Beste eskualde batzuetara hedatzean, bertako klimara, elikagai-iturrira eta patogeno berrietara egokitu behar izan du gizakiak, eta ingurune bakoitzera hobekien egokitzen diren kideen aldaera genetikoak egin dira nagusi taldean.

Inguruneko hiru kondizio horien artean hautespen naturalean presio gehien zeinek egiten duen argitze aldera, 55 populaziotako 1.500 lagun aztertu zituzten ikertzaileek. Populazio bakoitzean aldaera genetiko bakoitzaren maiztasuna kalkulatu zuten, eta eredu bat sortu, aldaeren banaketa aurreikus zezan. Ereduan, gainera, giza genoman hautespen-presioa eragin dezaketen hiru faktoreak sartu zituzten.

Ondoren, faktoreak banaka ezabatu zituzten eredutik, ikusteko zeinek zuen eragin handiena ereduaren aurreikusteko gaitasunean. Emaitzetan ohartu ziren hirurak zirela garrantzitsuak, baina indar handiena patogenoek egiten zutela. Patogenoen artean, badirudi zizare bizkarroiek eragin handiagoa dutela birusek eta bakterioek baino, mantsoago eboluzionatzen dutelako, eta, hortaz, denbora nahikoa ematen diotelako giza genomari haietatik babestu eta sortutako aldaera genetikoak finkatzeko. Eredua erabilita, ikertzaileek patogenoen aurreko erantzunari lotutako 103 gene identifikatu zituzten.

Ikerketa horretan, zientzialariak jabetu dira patogenoei erantzuteko agertutako aldaera genetikoek, gainera, gaixotasun autoimmuneekiko sentiberago bihurtu gaituztela. Oraindik erabat baieztatu ez badute ere, ikertzaileen hipotesia da patogenoen eraginez immunitate-sistema agresiboagoa garatu dugula. Patogenorik egon ezean, beraz, litekeena da, ikertzaileen ustez, haietatik babesten gaituzten geneek gaixotasun autoimmuneak sortzea.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila