}

Bizkarrezurreko desbiazioak

1990/02/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bizkarrezurrak plano lateralean duen desbiazio edo deformazioa da.

Eskoliosia

BIZKARREZURREKO DESBIAZIOAK

Bizkarrezurrak plano lateralean duen desbiazio edo deformazioa da.

Gehiago izaten da umeetan pertsona helduetan baino; hazkunde-fasean daudenean batez ere. Batezbeste 20 umetatik 1 eskoliosiak jota dago, eta nesketan gehiago mutiletan baino

9:1

Hala ere bereizi egin behar dira:

a) JARRERA ESKOLIOTIKOA
Bizkarrezurra okerra da, baina muskuluen ahalegin txiki batez berriro bere egoera normala berreskuratzen du; zuzendu egiten da.

Izan daiteke postura asimetrikoak hartzeagatik (gaizki esertzen da, etab.). Edota ZAMAKO (edo KARGAKO) JARRERA ESKOLIOTIKO deituak izan daitezke, beheko gorputzadar bat bestea baino motzagoa denean: ondorioz gorputza alde horretarantz “erori” egiten da.

Hala ere ez dira baztertu eta mesprezatu behar, zeren eta muskuluen ahulezia baldin badago, eta jarrera desegoki hori zuzentzen ez bada, luzarora benetazko eskoliosia ager bait daiteke.

Tratamendua: bizkarrezurreko muskulatura indartu, errehabilitazioa (ariketa eta jarrera egokien bidez).

b) ESKOLIOSIA

Kasu honetan bizkarra ez da simetrikoa, hau da ezkerraldea eta eskuinaldea ezberdinak dira. Bestalde, ez da posible berez (kanpoko indar edo bitarteko mekanikorik gabe) bizkarrezurrak bere postura zuzena berreskuratzea.

  • Zergatik sortzen da eskoliosia?
    %25ean arrazoi ezagunak dira: miopatiak, eritasun infekziosoak (tifusa, tuberkulosia, etab.), minbizia. Baita eskoliosi traumatikoak, sortzetikoak, histerikoak, etab. ere.
    %75ean, ordea, ez dakigu oso ongi bere arrazoia zein den. Horregatik IDIOPATIKO deitzen diegu.
    Eskoliosiak 6-7 urterekin hasten dira (hauexek dira arriskutsuenak), edota bestela adoleszentzi aurretik.
  • Nola ikus edo diagnostika daiteke?
    Normalean ikastolan, umeak ariketa fisikoak edo kirola egiterakoan, maisu-maistra konturatu egiten da sorbal-dahezur bat bestea baino altuagoa duela, gerrialdeko tolesturak alde bakoitzean ezberdinak direla, etab.
    Ziurtasuna edukitzeko erradiografiak egin behar dira: aurretik ateratakoak dira baliagarrienak, eta ez albo-erradiografiak.
    Komeni da umeei probatxo bat egin eraztea:
  • – Zutik, eskuak gorputz-alboetara jarriak eta umea lasai dagoela (erlaxatua), bizkarrezurrari begiratu.
    – Zalantzarik izango bagenu, umeari aurrerantz makurtzeko esango diogu, zangoak tolestu gabe (belaunak zuzen). Eskoliosirik balego desbiazioa nabarmendu egingo litzateke.

  • Zenbaterainoko garrantzia du eskoliosiak?
    MINA sor dezake. Umeak, dena den, ez dira ia inoiz kexatzen. BIRIKA-EDUKIERA murrizteraino iritsi daiteke kasu larrietan. KONPRESIOA (bizkarrezurreko ornoen muinari dagokiona, hain zuzen) da konplikaziorik larriena. Zorionez, oso kasu gutxitan gertatzen da.
  • Tratamendua

    a) Kasu moderatu edo ertainetan:
    Trakzioak beharrezkoak izan daitezke igeltsuzko kortseekin batera. Gimnasia, bestalde, oso komenigarria da.
    Kirolak, simetrikoak direnean, hau da gorputzaren bi erdialdeak modu simetriko edo berdintsuan lantzen dituztenean (saskibaloia, eskubaloia, igeriketa batez ere) komenigarriak dira. Baita dantza klasikoa edo balleta ere. Beste batzuk, ordea, ez dira egokiak (tenisa).

  • b) Kasu larrietan, KIRURGIA izango da baliabide bakarra.
    Desbiazioak 35-40otik gora baldin baditu, kirurgiaz baliatzen da bizkarrezurra zuzen eraziz, baina makurdura eskoliotikoa ez da inoiz erabat zuzentzen; teknikoki posible ez delako batetik, eta muga batetik aurrera (batezbeste desbiazioa 50o baino handiagoa denean) zuzenketarekin ornomuina zauritzeko arriskua izango genukeelako bestetik.

  • Prebentzioa

    a) Umeetan:
    Ikastolara doanean pisua bi eskuetan banatu, edo hobe oraindik pisu hori bizkarrean eramatea hobe da (motxila-moduko zorroak). Ikusmen arazoek ere eduki dezakete beren garrantzia.
    Jarrera bizioso edo kaltegarriak baztertu (idatzi edo eseritzean).

    b) Pertsona helduetan:
    Ohean koltxoi bigunegiak ez erabili; ezta buruko lodiegirik ere. Ohetik jaikitzerakoan, kontuz! Muskuluek berotu beharra daukate. Beraz, nolabait “ohitu” arte ez egin esfortzu handiegirik.
    Kotxean, jarrera egokiak (aulkia, leihoetako aire-boladak,…) hartzea komenigarri da.
    Lanean gaudela, noizean behin ariketatxo batzuk egitea ere lagungarri izan liteke.

Lordosia, zifosia

Aurre-atzeranzko planoan, bizkarrezurrak batez ere bi makurdura ditu.

  • Bizkar-ornoetako zifosia (D 1 -D 10 ): 15-20oko ganbiltasuna.
  • Gerri-lordosia. Erreinezurra azken orno lunbarrarekin artikulatzerakoan atzerantz okertu egiten da; 30o batezbeste (ahurtasuna).

Alterazioak hiru bidetatik egin daitezke:

  • Dauden makurdura normalak, exageratuz: Bizkar-hiperzifosia, gerri-hiperlordosia.
  • Zuzenketa (edo korrekzioa) behar baino txikiagoa da: bizkar planoa (hau da bizkar-zifosia behar baino txikiagoa), edo gerri-bizkarrezur zuzena (gerri-lordosia gutxitua).
  • Bada oraindik beste bide bat: ohizkoak ez diren lekuetan, horrelako makurdurak agertzea.

Hemen ere, eskoliosiarekin gertatzen zen bezala, bereizi egin behar dira jarrerak (lordotikoa, zein zifotikoa), erraz zuzentzen direnak, eta benetako zifosi edo lordosiak.

Noiz ager daitezke horrelako kasuak?

  1. Umetan, lotgailuak oso lasaiak direlako (hiper-laxitudea).
  2. Jarrera desegokiak erabiltzen direlako.
    • Jostunak, mekanografoak, ikasleak: zifosia.
    • Haurdun dagoen emakumezkoa, abdomeneko aurre-muskulatura bigundu egin delako: lordosia.
  3. Eritasun sistemako bati lotuak:
    • Errakitismoak edo poliomielitisak zifosia dakarte, beste deformazio askorekin batera.
    • Tuberkulosiak (Pott-en eritasuna) ere zifosia sor dezake.
    • Erreumatismoa.
    • Artrosia.
    • Zaharren osteoporosia, etab.

Tratamendua

  • POSTURALA. Jarrera desegokiak baztertu.
  • FISIOTERAPIA: gimnasia berezia, muskuluen errehabilitazioa,…
  • BITARTEKO MEKANIKOAK: era askotako kortseak.
  • OSTEOTOMIA ere beharrezkoa izan daiteke: orno baten (edo gehiagoren) ebaketa eta erauzketa kirurgikoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia