Elhuyar zientziaren komunikazioa

Entzun Zientzia.net

Birziklatzea, abantailak denontzat

2002/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lehen, zaborra poltsa bakarrean jasotzen zen. Orain, aldiz, dena bereizi egiten dugu etxean: zabortegia ematen du gure etxeak. Gainera, gauza batzuk gure kalean bota ditzakegu, baina beste batzuk uzteko auzoan turismoa egin behar dugu. Ez al digute gehiegi eskatzen agintariek?

Tona bat paper birziklatzeak hamazazpi zuhaitz salbatzen ditu; eta, horrez gain, 26.500 litro ur, orduko 4.200 kilowatt (familia bakarreko etxea sei hilabetez berotzeko behar den energia) eta ia 1.500 litro olio aurrezten ditu eta 27 kilo poluitzaile airera igortzea saihesten du.

G. Roa Zubia

Ez da gauza berria: birziklatzeak abantaila-piloa ditu. Zakarrontzira botatzen dugun gehiena birzikla daiteke; baina horren atzetik ahalegin asko egin behar dira. Eskasiak birziklatzea sustatzen du eta oparotasuna horren etsaia da.

Papera, adibidez, etxean bertan birzikla daiteke; dena dela, ez da izango dendan erositakoa bezalakoa. Hori paperarekin ez ezik, beste edozein materialekin ere gertatuko da. Hainbat talde ekologistek, ordea, birziklatzeari buruzko beste ideia bat indartu nahi dute: oinarrizko birziklatzea berrerabiltzea da.

Ia material guztiak birzikla daitezke: papera, beira, metala, plastikoa…; baita etxeetako gailu elektrikoetakoak ere. Baina material bakoitza birziklatzeko, horri dagokion teknika erabili behar da. Beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira. Aluminioa birziklatzea, adibidez, berria sortzea baino merkeagoa da; paperarekin aurkakoa gertatzen da.

Papera

Gaurko gizartean paper asko erabiltzen da. Izan ere, papera gizartearen handikeriaren neurria izan daiteke. Zaborraren zatirik handiena, % 40 inguru, papera da. Horrek esan nahi du kontsumoa ere izugarria dela. Nondik dator kontsumo hori guztia hornitzeko lehengaia? Urtetan, basoak ustiatu eta hazkuntza azkarreko zuhaitzak aldatu, beste biderik ez zen jorratzen.

Sortzen dugun zaborraren oso zati handia papera da.

Baina azken hamarkadetan papera birziklatzen hasi da. 1994an Estatu Batuetan, 2000ko paperaren % 50 birziklatzea finkatu zen helburu bezala. Helburu hori ez da bete, baina % 45 inguru birziklatzen denez, kanpainak arrakasta izan duela esan daiteke. Europan proportzio hori handiagoa da, eta Japonian guztietan handiena (1996an % 60 inguru birziklatzen zuten). Baina zerk egiten du hain zaila eta garestia birziklatzea?

Prozesuaren ikuspuntutik, paperarekin batera substantzia asko izaten duela hartu behar da kontuan. Horietatik ugariena tinta da, baina ez bakarra. Birziklatzearen lehen urratsa tinta kentzea da; horretarako ura erabiltzen da. Prozesu horretan sortutako materiari orea deritzo, eta papera berregiteko lehengaia da. Baina paper askok presioarekiko sentikor diren itsasgarriak dituzte, eta substantzia horiek ez dira uretan disolbatzen. Itsasgarri horiek orean daudenean, paperaren 'akatsak' sortzen dituzte; itsasgarri horiek kentzeko tratamenduak asko garestitzen du birziklatze-prozesua.

Bestalde, paperak (zelulosak) zuritasuna eta propietate mekanikoak ematen dizkioten gehigarri asko izaten ditu. Garrantzitsuenak kaolinita, kaltzio karbonatoa, magnesio silikatoa (talkoa) eta titanio oxidoa dira. Birziklatzean, ez dira substantzia horiek kentzen. Egingo den produktuaren arabera, gehigarri batzuk bereizi beharko dira zelulosatik, eta beste batzuk ez. Oro har, gainera, ingurumena poluitzen dute bereizitako produktuek (tintaren osagaiak ere poluitzaileak dira); substantzia horiek ere tratatu egin behar dira.

Beira berdeak ontziaren edukia argitik babesten du.

Hori guztia ikusita, ez da harritzekoa paper birziklatua berria baino garestiagoa izatea. Orduan, nola susta daiteke birziklatzea? Publikoaren partaidetza indartuta? Tinta kentzen duten makinak garatzeko inbertsioak eginda? Paper berriaren gaineko zergen bitartez?

Beira

Duela 5.000 bat urte asmatutakoa izan arren, beiragintzak aldaketa garrantzitsu bat izan zuen XX. mendearen hasieran. 1905ean beirazko ontziak egiteko lehen makina asmatu zen; ondorioz, ontzien ekoizpena asko handitu zen, eta material horrekiko jarrera erabat aldatu zuen jendeak. Ordura arte, beirazko ontziak balio handiko objektuak ziren, egiteko zailak baina apurtzeko errazak. Baina aurrerapen industrialak hankaz gora bota zuen hori: aurreko garaietan ez bezala, beirazko ontzia apurtzen bada, erraz lor daiteke ordezkoa.

Material bezala, beirak oso propietate bereziak ditu: berez gardena denez, ontzi barrukoa ikusten uzten du; oro har, ez du edukiarekin erreakzio kimikorik sortzen; ez da degradatzen; oso fusio-puntu altua dauka, hau da, ez da giro-tenperaturan hondatzen. Horrez gain, kolorezko beirak argiaren eraginetik babesten du barrukoa.

Beira birziklatzeak beira egiteko prozesuarekin zerikusia du. Azken batean, beira egiteko hondarra beste osagai batzuekin batera urtu, nahasi eta solidotu egiten da. Birziklatzeko, lehengaia ez da hondarra, erabilitako beira-puskak baizik. Gainera, horrek abantaila nabarmen bat du: puska horiek hondarra baino tenperatura baxuagoetan urtzen dira.

Plastiko-mota asko egon arren, polimero bakar batzuez eginda daude.

Dena dela, prozesuan erabiliko diren puskak prestatu egin behar dira. Paperaren kasuan gertatzen den bezala, beirak hainbat gehigarri izaten ditu. Birziklatzean, gehigarri horietako batzuk bakarrik ezabatu behar dira, eta beste batzuk ez.

Beirari sodio karbonatoa gehitzen zaio, nahaste horren fusio-puntua beira hutsarena baino baxuagoa delako. Bestalde, kareharriak beira nekezago haustea eragiten du. Bi osagai horiek ez dira birziklatzeko pusketatik ezabatu behar. Beirari kolorea ematen dioten substantziak ere talde horretan sartzen dira, baldin eta kolore bereko ontzi birziklatuak lortu nahi badira. Horregatik, toki askotan birziklatzeko beira kolorearen arabera bereizten da jasotzeko.

Dena dela, beste hainbat material eta produktu kimiko batzuk ezabatu behar dira birziklatze-prozesuari ekin baino lehen, besteak beste, metala, material zeramikoa, etiketaren papera (eta itsasgarria). Botilek izan ditzaketen substantzia poluitzaileak ere ezabatu behar dira, baina horrek birziklatze-prozesua garestitzen du.

Azkenik, beiraren birziklatzeari buruz idazten duten gehienek oso ezaugarri garrantzitsua goraipatzen dute: prozesuak ez dio beiraren kalitateari kalterik eragiten, hau da, birziklatutako beirak eta hondarretik egindakoak kalitate bera dute. Beraz, beira nahi adina aldiz birzikla daiteke.

Plastikoa

Plastikoak gure bizimodua aldatu du. Propietate oso bereziak dituenez, lehen erabiltzen ziren material gehienak ordezka ditzake aplikazio askotan. Dena dela, hondakin bihurtzen denean, ingurumenean arazo handiak sortzen ditu, bai zabortegietan, bai errausketa-instalazioetan. Beraz, plastikoa birziklatzea premiazkoa da.

Metala erraz birziklatzen da. Beraz, zergatik utzi behar dugu herdoiltzen?

Dena dela, plastikoa ez da material bat, material askoren izen generikoa baizik. Horregatik, bildutakoa birziklatzeko lehen urratsa materialak bereiztea da. Baina kasu batzuetan nekez egin daiteke; alde batetik, plastiko bakar bat substantzia askoren nahastea delako, eta, bestetik, konposizio kimiko bereko plastikoek material ezberdin asko egiteko erabiltzen direlako.

Plastikoek polimero sintetikoa erabiltzen dute oinarri bezala. Horrez gain, kolorea, plastikotasuna, pisua, suarekiko erresistentzia eta beste hainbat propietate emateko substantzia izaten dute nahasirik. Gainera, etiketa baldin badu, beste produktu batzuk ere baditu. Plastikoa birziklatzeko, substantzia horiek zein diren hartu behar da kontuan. Beirarekin gertatzen den bezala, batzuk ezabatu egin behar dira, eta beste batzuk ez. Legearen ikuspegitik, hainbat substantzia debekatuta edo debekatzeko bidean daude. Beraz, substantzia horiek ezin badira bereizi, plastiko asko ezin izango dira birziklatu. Adibidez, Europako legediak metal astun asko baztertu nahi ditu merkatutik.

Hala ere, polimero gutxi batzuk dira aplikazio gehienetan erabiltzen direnak; horrek birziklatzea zertxobait errazten du. Birzikla daitezkeen material plastikoetako polimero ohikoenak polietilenoak (HDPE eta LDPE), polipropilenoa (PP), poliestirenoa (PS), polibinil kloruroa (PVC) eta polietilen tereftalatoa (PET) dira. Zartaginak egiteko erabiltzen den tefloia (politetrafluoroetilenoa) eta beste polimero asko ez dira birziklatzen.

Alabaina, bereizteko metodo bat baino gehiago erabili behar dira, eta horrek arazoa areagotu egiten du; izan ere, metodo bakoitzak polimero eta gehigarri gutxi batzuk bakarrik identifikatzen ditu. Beraz, osagaiak erabat bereizteak oso metodologia garestia eskatzen du. Horregatik, plastiko-motak kontsumitzaileek bereizita biltzen bada, diru asko aurrezten da. Hainbat herritan, birziklatze-sinbolo bereziak erabiltzen dira ontzietan plastiko-mota adierazteko. Hemen, ordea, birziklatzeko kultura ez dago hain zabalduta, eta plastikoa metalezko ontziekin batera jasotzen da.

Sukaldeko olioa ere birzikla daiteke.

Bereizitako plastikoa birziklatzeko, birrindu egiten da; gero, egin behar den piezaren arabera, estrusioa egin edo molde batean injektatzen da fluidizatutako polimeroa; hortik aurrera, gehitu behar zaizkion substantziak gehituta plastiko berria sortzen da. Lortzen den plastikoak eta jatorrizkoak antzeko kalitatea dute; hala ere, talkarekiko erresistentzia txikiagoa izaten du berriak, eta beraz, ia beti ezaugarri hori emateko substantziak gehitu behar zaizkio.

Metalak/Pilak

Metalak birziklatzeko oso produktu egokiak dira. Azken batean, prozesua oso sinplea da, urtze hutsarekin itxura berria eman eta produkzio-kate batean sar daitezkeelako. Dena dela, metal bakoitzak bere ezaugarriak ditu.

Gauza arruntak egiteko gehien erabili den metala altzairua da, burdinaren eta karbonoaren aleazioa, alegia. Gogortasuna eskatzen duten metalezko piezak egiteko oso baliagarria da. Baina altzairua baino arinagoa eta oxidatzeko zailagoa den aluminioa ere ohiko bihurtu da, edari-potoetan, adibidez. Aluminioa birziklatzea bauxitatik (aluminioa duen minerala) erauztea baino merkeagoa eta azkarragoa da. Birziklatzera botatako aluminio-potoak 6-8 asteko epean merkatura daitezkeela kalkulatzen da.

Bi metal horien birziklatze-portzentajea, beraz, oso altua da. Baina metalak ez dira metalezko tresnetan bakarrik izaten, piletan ere badaude. Eta horietan metal kantitateak txikiak badira ere, metal horiek oso arriskutsuak dira osasunerako, eta oso poluitzaileak ekologikoki.

Berriz kargatzeko piletan nikela, kadmioa eta beruna erabiltzen dira; besteetan, litioa, zinka eta merkurioa. Azken metal hori oso arriskutsutzat jotzen da, eta, beraz, gero eta herri gehiagotan ari da debekatzen piletan erabiltzea. Dena dela, pilak birziklatzeko garaian merkuriorik ba ote duten eta zenbat duten kontuan hartzea ezinbestekoa da. Beste edozein metalekin ere prozesua konplexua izaten da, prozesu elektrokimikoen bitartez egiten baita.

Olioa

Olioak erabilera asko ditu, eta horietako bakoitzerako olio-mota bat erabili behar da; osagaiak, beraz, ezberdinak izango dira. Izan ere, olioa ez da konposatu kimiko bat, konposatu-nahastea baizik. Horregatik, olioa birziklatzeko zein motatakoa den eta zertarako erabiliko den zehaztu behar da.

Ur-lasterrera isuritako olioak mota askoko poluitzaileak izan ditzake: metal astunen aztarnak, disolbatzaile kloratuak, gasolina, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, glikolak, PCBak eta abar. Substantzia horiek ere oliotik erauzi eta, neurri batean, birzikla daitezke, eskatzen duten prozesu kimikoaren arabera. Bestalde, olioa iragazi eta frakzionatu egiten da; handik ateratako frakzioak industriara bideratzen dira.

Bereiztea, birziklatzearen oinarria.

Aspaldian, autoetako olioa jasotzeko eta birziklatzeko programak jarri ziren martxan; duela gutxi, sukaldean erabiltzen denerakoak ere diseinatu dira. Horrela, orain arte ibaietan eta itsasoan isuri den olioa berrerabilita, sortzen duen poluzioari aurre egiteko modu egokia bilatu zaio.

Konposta

Etxeetan sortutako zabor-kantitate handi bat materia organikoa da, hau da, jakietatik dator. Azalek, hezurrek eta jatekoa izanda jan ez denak zaborraren zati organikoa osatzen dute. Eta naturak hori ezabatzeko edo, hobeto esanda, zikloan berriz sartzeko modua badu. Konpostgintza prozesu natural horren antzekoa da, gizakiak egindakoa izatea. Horregatik, konpostgintza ulertzeko, naturan gertatzen den prozesua ulertzea komeni da.

Hondakin horiek denborarekin deskonposatu egiten dira, basoan orbelarekin gertatzen den bezala. Baina prozesu arrunta ematen duen arren, sistema konplexu baten jardueraren ondorioa da. Mikroorganismo askok hartzen dute parte, eta tenperatura, hezetasun, eta karbono:nitrogeno proportzio zehatzen mendeko bilakaera geldoa da.

Landareak 'hazten dituen' lurra, azken batean, planetaren azala besterik ez da. Azal hori etengabe ari da berritzen, lurraren gainean materia organikoa etengabe pilatuz. Materia organikoa usteltzean, lur gehiago sortzen da, gainean pilatutakoaren presioaren laguntzaz. Azaletik gertuko lurraren airea, gutxi gorabehera, ordubetetik behin berritzen da, eta horrek ere laguntzen du zoru 'osasuntsua' eratzen.

Lurraren oreka hori ez da erraz lortzen. Lorezaleek diote lurra zaindu behar dela, ez landareak; lurra egoera egokian badago, landareak hazteko moldatuko dira. Baina oreka lortzea, zaila izateaz gain, naturak oso motel egiten duen kontua da. Konpostgintza, aldiz, horren imitazio azkarra da. Lurraren eskalan materia organikoa birziklatzen dela esan daiteke, baina konpostgintza ezin da birziklapentzat hartu; bi gauza dira.

Konpostgintza hondakin organikoentzat alternatiba da.

Naturan, hala ere, konposta egiten da. Esate baterako, Australiako txori batek honela egiten du konposta: materia organikoa habian pilatzen du eta ur-tanten bitartez 'tratatzen' du mokoaren laguntzaz. Gizakiak gauza bera egiten du zabor organikoarekin; pilatu eta mikroorganismo deskonposatzaileen lana arintzeko ahaleginak egiten ditu.

Materia organikoa mikroorganismo-mota askok deskonposatzen dute. Batzuek molekula organikoetako elementuak erauzten dizkiete hondakinei: nitrogenoa, sufrea, fosforoa eta metal-aztarnak. Beste batzuek mineralak erauzten dituzte: potasioa, magnesioa, kaltzioa eta burdina, besteak beste. Beste mikroorganismo batzuek, adibidez, materia organikoan geratu diren hazkuntza-hormonak erauzten dituzte, eta horrek laguntzen die han sor daitezkeen belarren sustraiei hazten.

Bestalde, bakterio batzuek airean dagoen nitrogenoa finkatzeko ahalmena dute, batzuetan landareekin sinbiosian eta besteetan inongo loturarik gabe. Nitrogeno hori amonio edo nitrato bezala gordetzen dute, eta gainera, beharraren arabera, forma horietako bakoitza bestean transforma dezakete landareek. Horrela, zoruaren ezaugarri kimikoak hobetzen ditu, eta, sinbiosiaren kasuan, landareek amonioa sintetizatzeko erabiltzen dituzte aminoazidoak.

Askotan bezala, naturaren tresneria eraginkorra erabiltzen da konposta egiteko. Baina naturak berez mende batean egingo lukeena urtebeteko epean egiten da gizakiak bideratuta. Horrek esan nahi du zoruaren ezaugarri asko zaindu egin behar direla: materia organikoaren C:N (karbono:nitrogeno) proportzioa, ur-kantitatea, aireztapena, batez ere. Hondakin organikoak tratatzeko modu egokia da, baina usainaren arazoa dakar konpostak. Azken batean, beste hondakinekin gertatzen den gauza bera gertatzen da hemen: arazorik handiena tratatu beharreko kantitatea da.

Bildu gabe, ezin birziklatu

Hirietako zabor-kantitate handien arazoari aurre egiteko, birziklapen industriala ezinbestekoa da. Kontsumoan oinarritutako gizarteak nolabaiteko irtenbidea eman behar dio hondakin gisa geratzen zaion material guztiari, eta birziklatzeko instalazioak ezagutzen ditugun alternatibetatik ekologikoena izan daiteke. Dena dela, ezin da birziklatu zaborraren % 100, tartean arazo handiak sortzen direlako.

Birziklatzeak hiru gauza eskatzen ditu: kontsumitzailearen erantzuna, zaborra biltzeko estrategia egokiak martxan jartzea eta bildu ondorengo tratamendua.

Herri askotan zaborraren gaikako bereizketa non egin behar den eztabaidan egon da. Oso kontzientziatutako gizarte batean kontsumitzaileak berak bereizi beharko luke zaborra; baina, hori ondo egiteko, edukiontzi askoko sistemak egon beharko lirateke. Bereizketa egiteko instalazioak ezinbestekoak izaten dira, gehienetan; horrek zergetan du eragina.

Euskal Herrian, adibidez, oinarrizko bereizketa egiteko besterik ez zaio eskatzen kontsumitzaileari. Saio askotan ikusi da ez gaudela prest bereizketa zehatzago bat egiteko (kolore ezberdineko beirak, plastikoak edo tetrabrick ontziak bereizteko, adibidez), baina bidean goaz. Birziklatzearen aldeko kanpainek arrakasta handia izaten dute eta, pixkanaka, birziklatutako zabor kantitatea handitzen ari da.


Erraustea

Hondakin solidoak tratatzeko beste alternatiba bat badago: erre eta energia sortzea. Tenperatura handiko errekuntza kontrolatuaren bidez, materia geldo eta gas bihurtzeko tratamendu termikoa da. Prozesu horrek hondakin solidoak (zepa eta errautsak) eta gaseosoak (errekuntza-gasak) sortzen ditu.

Erretzean, turbinen eta sorgailuen bidez, elektrizitatea sortzen da. Erretzearen arazo nagusia prozesu horretan sortutako produktuak dira, besteak beste, dioxinak eta beste produktu arriskutsu sortzen baitira. Gainera, sortutakoa kontrolatzea ezinezkoa da, hondakin solidoen jatorria ezin delako kontrolatu, hain zuzen.

Beraz, birziklatzeak ez bezala, errausteak eztabaida soziala sortzen du: kalte ekologikoak eta hirietako hondakin-kantitatea izaten dira, hurrenez hurren, kontrako eta aldeko argudio nagusiak eztabaida horretan.

3.4/5 rating (5 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila