Elhuyar zientziaren komunikazioa

Birus batek eragin dezake gaixotasun zeliakoa garatzea

2017/04/06 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

birus-batek-eragin-dezake-gaixotasun-zeliakoa-gara
Arg. Pixabay

Gaixotasun zeliakoak oinarri genetikoa du, baina gene jakin batzuk izateak ez du esan nahi gaixotasuna garatuko denik: aldaera genetiko horiek dituztenen % 3-4k bakarrik garatzen dute gaixotasuna. Bada, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du infekzio biriko bat izan daitekeela gaixotasuna gararazten duen faktoreetako bat.

Itxuraz asintomatikoa den reobirus bat da, gure heste meharra kalterik eragin gabe infektatzen duena. Baina, azken ikerketa honen arabera, gaixotasun zeliakoa izateko joera genetikoa duten pertsonengan bestelakoa da eragina: elikagaiekiko tolerantzia immunologikoa aldatu egiten du.

Izan ere, gorputzak elikagaien antigenoekiko tolerantzia izaten du, alegia, ez du haiekiko eraso immunologikorik sortzen. Baina gaixotasun zeliakoaren kasuan tolerantzia hori galdu egiten da, eta glutenaren aurrean erantzun immunea eragiten du. Ikerketa berriaren arabera, birusak izan daitezke glutenarekiko tolerantzia immunologiko hori galarazten dutenak: hesteetako mukosako geneen espresioa aldatzen dute eta elikagaien antigenoekiko tolerantzia galtzen da. Ondorioz, immunitate-sistemako zelulak martxan jartzen dira eta hesteetako hantura gertatzen da.

Aurretik bazeuden ebidentzia epidemiologikoak adierazten zutenak harremana izan zitekeela birusen eta gaixotasun zeliakoaren artean, baina orain arte ez da egon harreman horren ebidentzia esperimentalik. Edozein modutan, ikerketa saguetan egin dute, hortaz, aztertu beharko da gizakietan eragin bera ote duen.

Ainara Castellanos Rubio gaixotasun zeliakoa ikertzen duen EHUko genetikaria da, eta azaldu du oraingoz saguekin egindako ikerketa dela. “Badirudi reobirusek zerikusia badutela, baina reobirusaz gain beste faktore batzuk behar dira gaixotasuna garatzeko. Ez da faktore bakarra, azken finean gaixotasun konplexuez ari gara, eta haiei buruzko informazio gehiago behar dugu”.

Ikerketak gaixotasun zeliakoaren aurrean ireki ditzakeen estrategia berriez galdetzean, Ainarak onartu du ikerketa-alor asko ireki ditzakeela: “aukera bat litzateke txerto bat garatzea, gaixotasunaren garapena ekiditeko. Adibidez, zeliakoen anai-arrebak diren haurrentzat, genetikoki arriskua badute, birusaren infekzioa ekiditeko txerto bat gara liteke, arriskua txikitzeko. Baina ezingo da garatu zelikiaren aurkako txerto bat; hau da, txertoak birusaren aurka egin arren, ez du esan nahi gaixotasuna sendatuko duenik”.

Balizko txerto batek ekar litzakeen onuraz haratago, eta alergia alimentarioak eta gaitz autoimmuneak gero eta ohikoagoak direla kontuan hartuta, ikerketa berriak gaitz-mota horien ikuspegi zabalagoa izateko balioko du. 

3.66666666667/5 rating (3 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia