}

Biomasa, erregai organiko berriztagarria

2000/11/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Biomasa prozesu biologikoen bidez sortutako edozein materia organikori deritzo, baina materia bizia deskribatzeko erabiltzen den hitz zientifikoa izateaz gain energia-iturria ere bada. Iraganera gainetik begiratzea nahikoa da
biomasa-energia gaurko asmakuntza ez dela ohartzeko. Hain zuzen, sua modu emankorrean erabiltzen ikastearekin batera hasi zen gizakia biomasa-energiaz baliatzen. Berotzeko edo janaria prestatzeko egurra erre besterik ez da egin behar horretarako. Biomasa, beraz, gizakiak inoiz erabilitako lehen energia-iturria izan zela esan daiteke. Gaur egun egurra da oraindik toki askotan bero-iturri nagusia.


Ez hain aspaldi egur-ikatza egiteko txondorrak ere han eta hemen ikus zitezkeen Euskal Herriko basoetan. Izan ere, egur-ikatza mende askotan erregai garrantzitsua izan da eta oraindik ere erabiltzen da. Baina Iraultza Industrialaren garaian erregai fosilak gailendu zirenean, biomasa baztertu egin zen, industrializatutako herrialdeetan behintzat eta ez da urte asko berriz indartu direla.

Erabilera anitzeko iturria

Erregai fosilak amaitzen eta planeta berotzen ari dela eta, hautazko energia-iturriek geroz eta babes handiagoa dute. Energia berriztagarriek etorkizunean eginkizun garrantzitsua beteko dutela uste da eta biomasak aukera handiak dauzka berriztagarrien buruan jartzeko. Izan ere, beste iturri batzuek ez dituzten abantailak dauzka.

Eguzki-energiak eta energia eolikoak, guztien ahotan dauden bi aipatzeagatik, hainbat muga dituzte sortzen duten energiari begiratzen bazaio: indar mekanikoa, elektrizitatea eta beroa ekoitz ditzakete, baina ez gehiago. Biomasak, ordea, beroa eta elektrizitatea ekoizteko balio du, baina biomasatik, erre daitekeen gasa erator daiteke, edo tanketan bildu eta bonba bidez bantuko den likidoa. Biomasa erregai solido, likido edo gasezko bilaka daiteke eta, diru-ezartze txikietatik abiatuta, erregai fosilak ordezka ditzeke etorkizunean. Ikerketa batzuen arabera, 2050erako biomasa elektrizitatearen bostena eta erregai zuzenean bi bostenen iturria izango da, bereziki herrialde industrializatuetan, EAEn, adibidez, biomasa energia berriztagarrien
% 78 da 2005 Energi estrategia Planean.

Jatorria eguzkian

Biomasa-energia, funtsean, energia kimikoa da, bizidunen ehunetan dauden konposatuek metatua dutena, hain zuzen ere. Konposatu horien guztien azken jatorria landareetan gertatzen den fotosintesia da. Fotosintesian landareek eguzkiko energia materia organiko bilakatzen dute. Ondoren, animalien erreinuak, gizakia barne, materia organiko bereganatu eta eraldatu egiten du. Fotosintesi-prozesuaren errendimendua oso txiki bada ere, Lurra estaltzen duen landare-azalera handia izaki, energia-iturri ugaria da.

Biomasaen jatorria animaliak edo landarean izan, haren ezaugarriak aldatu egiten da. Landareetatik sortutako biomasak karbohidrato gehiago duenez, ea horiek energia lortzeko eraginkorraoak direnez, landare-biomasa da energia ekoizteko baliagarriena. Animalia-biomasa, ostera, ez da hain egokia energia ekoizteko.

Gaur egun biomasa-ekoizpen eta aprobetxamendua bi alor hauetan garatu da bereziki: hondakinetako biomasa eta energia ekoizteko laboreak. Hondakinak bai era naturalean sortuak bai giza jardueren ondorioz sortuak izan daitezke. Basoetako sastrakak edo eroritako zuhaitzak hondakin naturalak dira eta energia ekoizteko oso egokiak,
energia-eskaria oso txikia den lekuetan bakarrik ustia baitaiteke basoa sistematikoki. Izan ere, gaur egun basoak galtzen ari dira planetako lurralde askotan. Horregatik, sastraka eta basoa garbitzean sortzen diren hondakinak aprobetxatzea da egokiena, baita zur-industriako hondakinak erabiltzea ere. Hondakin horietatik uste baino energia gehiago atera daiteke, gainera.

Basogintzan, nekazaritzan, abeltzaintzan, industrian sortutako hondakinak edo hirietako zabor eta hondakin organikoek ere
biomasa-energia ekoizteko balio dute. Horiek askotan biogasa ekoizteko erabiltzen dira eta biogasa, nagusiki metanoz osatua, elektrizitatea ekoizteko erre daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoan elektrizitatea zaborretik ekoizten duten hiru instalazio daude. Bizkaiko Bio Artigas, Gipuzkoako Bio SanMarkos eta aurten irekitako Goierriko BioSasieta.

Nekazaritza energetikoa

Energia ekoizteko laboreak energia lortzea beste helburirik ez duten laboreak dira. Brasilen eta Estatu Batuetan, adibidez, azukre-kanabera eta artoa automobiletarako erregai gisa erabiltzen den etanola lortzeko ustiatzen dira. Etanola autoen gasolinarekin nahasten da eta horri esker, berunik gabeko gasolina prestatzen dute. Biomasa-erregai gisa azkar hazten diren zuhaitzak, zerealak eta landare-olioak erabiltzen dira normalean. Horiek lantzea degradatutako lurrak leheneratzeko bide paregabe dira eta landareak energia ekoizteko erabiltzen direnez, balio erantsia dute.

Dena dela energia ekoizteko laboreen gainean eztabaida ugari dago. Errentagarritasuna dela eta, batetik, eta elikagaiekin sortzen duten lehia dela eta, bestetik. Elikagaiek, noski, lehentasuan dute eta horregatik,
biomasa-energia ekoizteko laborantza ongi aztertu behar da elikagaien lehia ez dezan. Zenbait herritan, hondakinak erabili beharrean, energia sortzeko soro bereziak prestatzeko tentazio handia da eta horrek, elikagai gutxiago hazteaz gain, soro berriak lantzeko basoa neurririk gabe botazea ekar dezake. Zenbait kasutan, ordea, elikagaiak eta energia batera ekoiztea abantaila dela ikusi da, azpiegiturak eta egoera ekonomikoa hobetzen direnean elikagaien produkzioak gora egiten baitu.

Energia lortzeko nekazaritza edo baso-espezie zenbait haztea oso egokia da ingurugiroko karbono dioxidoarenaren balantzerako eta, baita naturaren egoera hobetzeko ere. Biomasa erretzean isuritako karbono dioxidoa laboreek xurgatzen dute berriz eta horrela karbono dioxidoaren balantzea hutsean geratzen da.

Biomasa erabiltzeko teknologia badago, baina prezioak dira muga nagusia. Petrolioaren prezioa, orain ikaragarria iruditzen bazaigu ere, faltsua da, ez du ziklo osoa kontuan hartzen eta horregatik da garestiagoa biomasa. Baina ez da erreala. Erregai fosilekin zikundutako atmosfera garbitzea bioerregaiak merkaturatzea baino askoz garestiagoa da.

Garapen bidean daudenentzako aukera

Biomasan oinarritutako energia-sistemak ingurugiroari mesede egiteaz gain, azpigaratutako herrialdeak zulotik ateratzen lagun dizakete. Izan ere lanpostuak sortzeko bidea dira, biomasa ekoizteko eskulan handia behar baita. Horregatik, nekazaritza-guneak garatzeko bide egokia direla uste dute azpigaratutako herrialdeetan lanean dabiltzanek.Horien artean Nazio Batuen Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea (FAO) ari da lanean. Biomasa ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzean beste
energia-jarduerak baino askoz lanpostu gehiago sortzen dira eta aldi berean diru-ezartze txikiagoa eskatzen du, bai hasieran bai beste urrats guztietan ere.

Biomasak energiaren deszentralizazioa ekar dezake eta industrializatu gabeko
nekazal-guneetara elektrizitatea eta ura eraman. Bestalde, biomasa eraldatzean sortzen diren azpiproduktuek eskualde haietako nekazaritza-ekonomiak bultzatzeko balio dute: sastraka eta adarrak erre eta beroa lortzeko erabil daitezke; hondakin bazuk ongarri gisa onak dira eta ongarri kimikoak ordezka ditzakete edo animalientzako elikagai izan daitezke.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia