}

Bi planeta zuzenean behatu dituzte, Eguzkiaren antzekoa den izar baten inguruan

2020/07/23 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

bi-planeta-zuzenean
Arg. ESO/Bohn et al.

VLT teleskopioarekin hartutako irudiak konbinatuz, Eguzkiaren antzekoa den izar baten inguruan dauden bi planeta erraldoiz osatutako planeta-sistema behatu du ESO Europako Behatoki Australak. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian azaldu dute aurkikuntza.

Musca konstelazioan kokatuta dago TYC 8998-760-1 izeneko planeta-sistema, 300 bat argi-urtera. Izarra Eguzkiaren antzekoa da, baina askoz gazteagoa: 17 milioi urte besterik ez ditu. Inguruan dituen gasezko bi planetak, berriz, gure Eguzki-sisteman dauden gasezko erraldoiekiko oso bestelakoak dira. 160 eta 320 astronomia-unitatera daude izarrarekiko; Jupiter eta Saturno, hurrenez hurren, 5 eta 10 astronomia-unitatera daude. Tamainari dagokionez ere ez dute zerikusirik. Batak Jupiterren masa halako 14 ditu; besteak, sei.

Haatik, aurkitzaileek diotenez, sortu zenean gure Eguzki-sistemak zuen antza du behatu berri duten planeta-sistemak, eta horregatik espero dute halako egituren eraketaz irakaspen berriak lortzeko moduan egongo direla.

Egun milaka exoplaneta ezagutzen diren arren, gehientsuenak zeharka atzeman dira, batez ere euren izarretan eragiten dituzten distira-aldaketa txikiei erreparatuz. Baina bakar batzuk besterik ez dira zuzenean behatu. Planeta-sistemei dagokienez, orain arte bi sistema baino ez dira ikusi zuzenean, baina Eguzkiaren antzeko izar batean bi planeta ikusten dituzten aurreneko aldia da oraingoa.

Irudiak une desberdinetan hartutakoak dira, planeta horiek hondoko izarretatik bereizi ahal izateko. Modu horretan, irudi osoa eskuratzeko moduan egon dira.

VLT teleskopioan martxan dagoen SPHERE koronografoari esker lortu dute irudia. Tresnak izarraren argia estaltzen du, eta horrek ematen du bidea askoz ahulagoa den planeten argia hautemateko. Joan den maiatzean, tresna berari esker, Auriga konstelazioan sortzen ari den planeta-sistema baten irudiak lortu zituzten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia