}

Basque Research web gunearen V. Tesi Saria EHUko Jokin del Amo ikertzaileak irabazi du

2007/06/20 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioak, Basque Research web gunearen bitartez, V. Tesi Saria antolatu du aurten, eta dagoeneko eman dute aurtengo irabazleen berri. Edizio honetan, hiru sariak Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek jaso dituzte. Lehenengo saria Jokin del Amo Iribarren ikertzaileak jaso du, Nuevos marcadores tumorales: buscando las 7 diferencias (Tumoreen markatzaile berriak: 7 desberdintasunak bilatzen) izenburuarekin aurkeztutako lanarengatik.

Jokin del Amoren tesia pankrea-minbiziaren ingurukoa da. RNAtik abiatuta, minbizi-mota hori diagnostikatzeko markatzaile batzuk garatu ditu del Amok. Izan ere, tumore-zelula horietan gertatzen den RNA sintesia -eta ondorioz, proteinena- ez da zelula normaletan gertatzen denaren berdina. Hala, tumore-zelulen eta zelula normalen RNAk konparatzean desberdintasunak nola identifikatu dituen kontatzen du, zazpi desberdintasunen jokoa gogora ekarriz. Lan horregatik, ordenagailu eramangarri bat jaso du Jokin del Amok, Sistek Informatika y Microsistemas etxearen laguntzari esker.

Tesi sarietako irabazleak. Ezkerretik hasita, Jon Moreno Rosa Iglesiasen ordezkaria , Jokin del Amo eta Juan Jose Igarza
G. Andonegi

Bigarren saria Rosa Iglesias Perez matematikariak irabazi du, Welcome to the World of haptics for industrial applications (Ongietorri industria-aplikazioetarako mundu haptikora) lanarekin. Mundu haptikoa ukimenaren mundua da, eta zentzumen hori erabiltzen duen teknologiaren ingurukoa da lan hau. Lan horregatik, PDA bat jaso du Rosa Iglesiasek, Eroski Kooperatiba Elkartearen babesletzari esker.

Azkenik, aurtengo aipamen berezia euskaraz aurkeztutako lan onenari ematea erabaki du epaimahaiak. Izan ere, aurtengo lehiaketan ez dira asko izan euskarazko lanak, eta alderdi hori sustatzeko asmoz hartu du erabaki hori. Euskarazko lanik onena Eta orain, sinatu hemen mesedez izan da. Hain zuzen ere, Bilboko Ingeniarien Goi Eskolako (EHU) Juan Jose Igarza Ugaldea doktoreak sinadurak ikertu ditu lan horretan. Askotan erabiltzen ditugu sinadurak identifikazio gisa, eta Igarza doktoreak sinadura horien kautotzea nola egin daitekeen ikertu du. Lan horri esker, bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia jaso du landetxe batean, Nekatur elkartearen eskutik.

Aurten, 33 lan aurkeztu dira guztira sariketara. Lanak Nafarroako Unibertsitatekoak, Nafarroako Unibertsitate Publikokoak eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak izan dira. Epaimahaiak, lan irabazleak aukeratzeko, ikerketaren muina era ulerterraz zein erakargarrian eta terminologia egokia erabiliz azaltzeko gaitasunari eman dio garrantzia. Epaimahaiaren esanean, "lanak maila onekoak izan dira eta, ondorioz, ez da erraza izan aurtengo irabazleak hautatzea".

Sariketara aurkeztu diren lan guztiak www.basqueresearch.com web gunean daude ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia