}

Basahatea, hezegunetako biztanle ezagunena

1995/03/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Basahatea

Bi dira gaur egun Oria ibaiaren ibilbideko herrietan bizi diren adinduen eguneroko ekintza nagusiak: eraikuntza publikoei kontu hartzea, eta ibaian dauden ahateei begiratzea eta horietaz arduratzea. Ibai ezagun honen azken urteotako bilakaera pozgarria izan da. Duela gutxi arte, inguru guztian zegoen poluituenaren tamalezko ospea zuen Oriak, baina, gaur egun, ur gardenik ez duen arren, animalia ugari ikus daiteke bertan, bere hobekuntza nabarmenaren lekuko.

Azken lau urteotakoa da, adibidez, hemen sortu den basahate-populazio ederra, eta garai bateko etxeko ahateak basatietatik eratorri ziren bezala, historiari bira osoa emanez, Oriako ahate gehienak etxekoetatik eratorri dira, eta kolonia erdi-basati eta basatiak eratu dituzte. Inguruko herrietako zenbait pertsonaren laguntzarekin, etxean txitatutako aleak ibaira askatu ziren, hauek gaur egun ikaragarri ugaritu direlarik.

Uretan ibiltzeko, lumak ederki garbitu eta guruin batek ekoiztutako olioz igurtzi behar izaten ditu.

Gipuzkoako eskualde honetan basahateen gora-beherak orain pil-pilean dauden arren, Euskal Herri osoan ezagunak izan dira betidanik. Ahate mardul hauek inguruotako handienak dira eta 58 cm-ko luzera dute. 850 eta 1.500 gramo bitarteko pisua ere bai.

Aipatzekoa da basahateek, beste ahate-espezie gehienetan bezala, duten dimorfismo sexual nabaria. Arrak, lumaje ikusgarria izan ohi du, ugal-sasoian emea erakarri ahal izateko. Emearena, ordea, kumeak zaintzeaz arduratzen denez eta harrapakaririk ez erakartzearren, askoz ere apalagoa da.

Esan bezala, arrak janzkera ederra du oso. Nabarmena da buruko eta lepoko kolore berde bizia. Lepoan, eraztun zuri estua du eta honen azpialdea gaztain-kolorea edo arre gorrixka izan daiteke. Bizkarra, hegal gainak eta sabelaldea gris hauskarak dira. Atzealdea, berriz, beltz-beltza da eta buztana zuriska. Azken honetan gorantz kiribilduriko bi luma beltz xelebre ageri ditu apaingarri gisa. Mokoa horixka edota berdeska eta hanka laranjak izan ohi ditu.

Emearen kasuan tonu arreak dira nagusi eta orban eta arrasto ilunez dago pintarratua. Arrak bezalaxe, buztana zuriska eta laranja-koloreko hankak ditu.

Espezie honen bereizgarri da bi sexuen hegaletan ageri den tonalitate urdin berdeskaz apaindutako luma more distiratsuen lerroa. Hegan doazelarik biziki ikusgarriak dira banda koloretsu hauek, eta erraz nahas izan daitezkeen espezie ezberdinetako emeak bereizteko egokiak dira.

Anatido eder hauek ingurune hezeei estu-estu loturik agertzen dira. Herri kozkor eta hiriburuetako parkeetako urmahelez gain, aintzira, urtegi, gordelekutan aberats diren ibai, eta oro har, ura duen tamaina dezenteko edozein lekutan ikus ditzakegu. Leku hauetan, bikoteka edo taldeka ibiltzen dira.

Elikadurari dagokionez, basahatea batez ere belarjalea dugu. Belarra, haziak, laboreak, zurtoinak, eta fruituak jan ohi ditu, topa ditzakeen ornogabe ugariei muzin egin gabe. Xelebrea da animalia honek uretan elikatzen denean duen jarrera. Gorputza aurreraka biratzen du bertikalki jarriz, eta begi-bistan atzealdea bakarrik gelditzen delarik, burua eta lepoa murgiltzen ditu urpeko janaria ahoratzeko. Eguna uretan edo inguruan pasatu ondoren, iluntzean hezegunetik belardi eta soroetara jotzen du bazka bila.

Basahateak, eta batez ere neguan, ugari dira Euskal Herriko hezeguneetan.

Habia gehienetan uretatik gertu egoten da, ibai- edo urtegi-bazterreko sasitartean, eta noizean behin zuhaitz edo zuloren batean. Habia eraikitzeko, lumak, belarrak, adartxoak, eta papera, plastikoa eta antzeko material ezberdinak erabiltzen dituzte.

Uretan bertan kopulatu ondoren, errunaldia martxoa eta uztaila bitartean izaten da. Ugaltzaile bikain honek 57 mm-ko eta krema- edo berdeska-kolorea duten 6-13 arrautza jar ditzake. 26-29 egunen buruan txitoak atera eta hauek nidifugoak izaki, jaio eta ordu batzuetara inoren laguntzarik gabe elikatzeko eta amari uretan segitzeko prest egongo dira, hegan ez badakite ere. 50-60 egun geroago eta ariketa askoren ondoren, hegaz egiteko gai izango dira.

Basahatearen hegakera, gainera ahateen modura bizkorra eta indartsua da. Zilueta berezia erakusten du, lepoa guztiz luzatuz eta hegalei azkar-azkar eraginez, eta normalean, uretan gelditzen da, bere hanka zapalekin galgatzean arrasto luze bat utziz.

Urtea bete dutelarik, kumatzen hasiko dira. Zenbait ale urte-mordoska batez bizi daitekeela egiaztatu bada ere, batezbeste, 2 urte bizi dira eta Iberiar penintsulako populazioaren % 87a 3 urtetik beherako ahatez dago osatuta. Jaiotako ahateen erdiak neguan hil egiten direla kalkulatu da.

Ahatekumeek lumajea guztiz garatu baino lehen eta, hegaz ez dakitelarik, laguntzarik gabe elikatu eta igeri ederki egiten dute.

Basahatea Europako ahate ugariena dugu. Kontinente guztian umatu ondoren, migratzaile partzial hau, iparraldetik behera etorri eta Europako erdi eta hegoaldean izango dugu negu aldean. Eguraldiak txarrera jo eta elur-ekaitzekin batera makina bat basahate agertuko da eskualde epelago hauetan.

Euskal Herrian beraz, oso ugaria da udazken eta negu aldean, bertan umatzen direnak hainbeste ez izan arren. Herrialde guztietan ager daiteke bikoteren bat, eta Gasteizko urtegiak, Nafarroako aintzirak eta Ebro, Zadorra, Ega, Arga, edo Aragon ibaietan, adibidez, habiagile arrunta da.

Artikuluaren hasieran adinduei buruz esandakoari lotuta, bada zer edo zer aipatu nahi nukeena. Herrian bertan basahateak edukitzeko zortea duten lekuetan eta animalia hauen inguruan, jadanik aipatutako adinduak, ama eta umetxoak eta mota guztietako pertsonak biltzen dira egunero. Ahateak ogia eta barazkiekin bazkatu, zenbatu, eta besterik gabe ikustera hurbiltzen dira herritar hauek. Nolanahi ere, jende hau harro dago beren herrian hegazti eder hauek edukitzeaz, eta bihotzez estimatzen dituzte.

Hau dela eta, espeziea kontserbatzea ez da zaila izango, eta okerren batek animalia hauentzat kalterik ekartzen badu, jendea berehala haserretu egingo da eta errudunari ordaina eskatuko dio. Garrantzitsua da hau; edozein espezie kontserbatzeko bertakoen babesa beti aurrerapausorik handienetakoa izaten baita.

Espeziea: Anas platyrhynchos
Familia: anatidoak
Ordena: anseriformeak
Klasea: hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia