}

Aztekarrak eta juduak

1989/10/01 Zabala Lekue, Eduardo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bi herri hauen artean, denboran eta espazioan hain urrun egonik, badira azaleko edo beharbada sakonagoak diren antzekotasunak, eta ezberdintasunak alde batera utziz (ugari dira hauek ere) beraiek egindako bidaia handiaren eta exodoaren arteko paralelismoak aztertuko ditugu...

Aztekarrak

SAKRIFIZIOAK: Aztekek beren Jainko Eguzkiari pertsonen bihotz eta odola eskaintzen zioten.

Herri honen hiririk garrantzitsuena, 1320. urtean eraiki zuten: Tenotxtitlan, egungo Mexiko sakaneko garrantzitsuena zelarik. Tenotxtitlan hirira iristeko, Aztekarrak 300 bat urteren buruan Kolorado ibaia dagoen lurraldeetatik, poliki poliki hegoalderantz mugitu omen ziren, gaur egungo Mexiko hiriburualdean dagoen aintziraraino iritsi arte. Bidaia honetan aztekar Herriaren arbasoek (toltekar, olmekar, zapotekarrek) beste herri batzuk eraiki zituzten funtzio ezberdinekin, hots: TULA (herri administratiboa) eta MITLA (heriotzaren herria). Azteka hitzak zera esan nahi du: “Aurpegi ezezaguneko jendea”.

Nomada eta mertzenari bezala bizi ziren, Mexiko sakaneko beste herri “zibilizatuek” barbarotzat kontsideratzen zituztelarik. 1500. urterako, inguruko boteretsuenak ziren eta beste herrien kultura, sinesmen eta egitura sozialak menperatuak eta bereganatuak zituzten. Moktezumarekin, errege filosofoarekin, lortu zuten beren kulturaren gailurra eta espainiarrak iristean etorriko zen hondamena. Zer dela eta aztekarren arbasoek utzi behar zituzten Kolorado ibaiaren inguruko lurralde aberats eta emankorrak, basamortu batean zehar hainbeste urtetan ibiliz? Beraien mitologiak ematen dizkigu argibide batzuk.

Juduak/Israeldarrak

KEATZALKOATL, suge Lumadunaren imajina. Beheko aldean, HUITZILOPTXTLI-ren imajina, guda-danbor batetik kopiatua.

Herri honen historia, seguraski ezagunagoa dugu eta dirudienez, Jakob-en semeen garaian, hau da, K.a. 1700. urtean, HIKSOS herriak bere migrazioan bereganatu zuen garai hartako Egypto, hauekin batera, Judu-Herria ere laguntzaile gisa finkatzen delarik. 600 urte bizi izan ziren han, eta Egyptoko herriak hiksostarrak bidaltzea lortu zuenean, juduak ez ziren joan haiekin. Baina egyptiarrek begikoa zieten eta horregatik lan eskerga eta astunak egin behar izan zituzten Ramses-en eraikuntza erraldoietan.

Moise-rekin batera etorri zen Herri honen askatasuna eta Itsas Gorria zeharkatuz, Transjordania-raino iritsi ziren, beraien Jainko Yahve-k eskainitako Kanaa-ko lurraldera. Teoria batzuek diotenez, Neolitos Garaia hasterakoan han bizi izan ziren juduak, arraza semitarraren adar bat zirelarik, eta Aro berri honetan izan ziren lehorte izugarriak medio, beste Herri batzuekin batera migrazioari ekin zioten. Hegoalderantz, hau da: Egyptora. Beraz, 1000 urteren buruan, joan-etorriko bidaia egin zuten.

Juduak nomadak ziren, aztekarrak bezala, baina ez mertzenariak. Historian beti aurkitzen ditugu beste Herri nagusiago baten bizitzari lotuta. Nazio bezala, Kanaa-n finkatu ondoren loraldi bat ezagutu zuten Salomon erregearen agindupean, baina, beste arazo batzuen artean erromatarrak etorri zirelako maldan behera eroriko zen. Herri hau, beti egon zen, eta dago, etengabeko burrukan bere inguruko leinukoekin (kananeo, filisteo, etab.ekin).

Bidaia handia

Nahiz eta aztekar Herriaren erlijioak jainko ezberdinak izan (Keatzalkoatl, Heriotz-ispilua, Sumendietakoa, etab.), garrantzitsuena, eta bidaia hau adierazteko erabiliko duten jainko bakarra, Eguzkiarena eta Gerrarena da: HUITZILOPTXTLI.

Jainko hau txori baten bidez mintzatu zitzaien aztekarren arbasoei Kolorado-ko lurraldeetatik alde egiteko esanez. Arrazoia dirudienez zera zen: etsaiak gero eta gertuago zituztela; beste leinu migratzaile boteretsuagoren bat seguraski. Nora joan behar zuten? Aintzira baten urek bainatzen zuten haitz batera, zeinean kaktus eta arrano handi bat egongo zen hegoak zabalik eta suge bat ere bai bere hanketan. Hau da egungo Mexikoren armarria. Horretarako, 2.100 km egin zituzten 300 bat urteren buruan.

Exodoa

Biblia Santuak arrazoi erlijioso bat agertzen du Bidaia honi hasiera emateko. Yahve jainkoak, Herri honek Egyptoren azpian zuen sufrimendua ikusiz, herri Santutzat AUKERATU zuen eta lurralde oparo bat eskaini zion, bitartean froga-piloa pasarazi ziolarik.

Egyptiarren historian badira, hala ere, beste datu batzuk. Adibidez, Juduek seme-alaba asko zituztela aipatzen dute eta emagin egyptiarrei jaiotako seme judu guztiak hiltzea “gomendatzen” zieten; alabak aldiz, ez. Dirudienez, bazegoen halako alarma bat demografiaren aldetik. Juduen hazkuntza nabaria zelako eta hura izan zitekeen nolabaiteko arriskua Egyptoko herriarentzat egunen batean. (Gaur egun beraiek arazo berbera dute palestinoekin). Biblia Santuan, NUMEROS 26,2, atalean 12 leinuak zenbatzerakoan, 601.730 direla diote hogei urtetik gorakoak eta gerrarako balio dutenak.

Zenbaki hauek nahikoa adierazgarriak dira. Hala ere, datu hauek guztiz benetakoak direla ezin da onartu, zeren bestela edozein zibilizazioko armadarik nagusienetarikoa zela onartu beharko bait litzateke. (Konparazioa eginez, Alexandro Haundiaren armadak 40.000 oinezko eta 7.000 zaldun zituen).

Paralelismoak

  1. INDIARREN ARTEKO GERRAK. Ertamerikan herri asko bildu ziren elkarren ondoan. Mendeak zehar, gainera, iparraldetiko etorkinak ere sartu ziren, jende-uholde ezberdinetan. Elkarren etsai gertatu ziren, ba, sarritan hango herriak. Hona kodize batetik hartutako marrazki hau: Bi hiriren (Tlatelolco eta Cuauhtinchan) arteko gerra-moldeak erakutsi nahi ditu.Bi herri hauek arrazoi ezberdinengatik, BIDAIA eta EXODO bati ekin zioten. Beraien Jainkoak mundu guztiko Herrien artean HERRI AUKERATUA direla esaten die, bere IZENA eta INDARRA erakus dezaten.
    Aztekarrei:
    Hemendik lurraren bazter guztiak konkistatzera aterako zarete, bertako jendeak menperatzeko, zeren nereak zarete eta ez da Unibertso guztian ni bezelako Eguzki-Jainkorik. Burrukatzen eta irauten baduzue, zuen nahiak asetzeko adina lortuko duzue.
    Juduei:
    Ez beldurtu beste Herrien aurrean, zeren zure barnean Yahve, zure Jainkoa dago, Jainko handi eta beldurgarria. Yahve zure Jaunak, Nazio hauek txikituko ditu emeki-emeki zure begien aurrean. (Deuteronomio 8,5).
  2. Biek badute beren gidaria. Juduek, MOISE eta aztekarrek TEKPALTZIN. Honek esango die une orotan zer egin behar duten eta Jainkoaren ordezkoa izango da bere Herriaren aurrean eta beste edozein Herriren aurrean.
  3. Yahve-k Sinai mendian etengabe erretzen ari den lar baten bitartez Moiseri hitz egiten dio.
    Huitziloptxtli-k, txori baten ahotik kantatzen du eta Tekpaltzinek interpretatzen du haren kantua aztekar Herriarentzat.
  4. Yahve, Juduen begietara egunez laino baten itxuraz eta gauez suzko laino bezala agertzen da.
    Huitziloptxtli-k arrano zuri baten itxura hartzen du bere herria gidatzeko.
  5. Juduek Bilkura-Denda bat eraikitzen dute Yahve-rekin mintzatzeko. Moise Yahve-rekin hitz egitera bertara joaten zenean, hodeia jaisten eta gelditzen zen sarreran, eta Yahve-k Moiserekin hitz egiten zuen. (Exodo 33,3).
    Aztekarrak: Ikusten nauzuenean bakarrik ibili, eta nere distira itzaltzen denean, atseden hartu. Hori izango da nere seinalea, eta han eraikiko duzue ene tenplua.
  6. Yahve-k etengabe frogatzen du bere Herriaren borondatea, mirarien bidez lagunduz.
    Aztekarren mitologian froga bat bakarra agertzen da: Jainkoak bere zazpi leinuei bi zaku eskaini zizkien: bat egurrez beterik dago, bestea harri bitxiz. Egurra aukeratzen duten leinuak izango dira azkarrenak, zeren zaku horretako egurrak dendak eraikitzeko, azkonak egiteko, sua pizteko eta abarretarako balio du. Beraz, leinu hauek izango dira Jainkoaren mesedea jasoko dutenak, eta froga hau egin ondoren hasierako zazpi leinuak sakabanatu egin ziren.
  7. Aztekarrek beren mitologian TULA hirian gelditu zirela diote eta gustora zeuden, baina hura ez zen beraien Jainkoak eskainitako lurra, eta berriro ekin behar izan zioten beren bidaiari.
    Juduek ere izan zituzten atsedenaldi luze edo laburragoak Jordan ibaira iritsi arte, hala nola HOREB mendian eta KADES herrian, baina ez ziren luzarorako geratu han.
  8. Yahve Jainko gudazale eta krudela zen. Moisek Itsas Gorriko garaipena lortu ondoren honela kantatzen dio Yahve-ri:
    Yahve, gudari indartsua da; Yahve da bere izena.
    Faraoiaren gurdiak eta bere armada itxasoan hondatu zituen.
    ... zure besoa Yahve, gloriosoa da indarrean; zure besoarekin, Yahve, lurrera doa etsaia (Exodo 15, 3-7).
GERLARI AZTEKAK. Azteka orok joan behar zuen soldadu, larrialdietan, nekazariak nahiz artisauak. Apezek berek ere maiz hartzen zituzten armak.

Egypton bizi zen bitartean, badirudi herri geldikor eta baketsua zela, baina Exodoa aurrera zihoan heinean, Moisek bere Herria “militarki” antolatu zuen “zenturia eta milizia”ren sistema erabiliz. Horregatik, nahiz eta israeldarren garaipenak Inperioen artekoak bezain entzutetsuak izan ez, bere indar eta trebezia militarrak kontutan hartzekoak ziren. Biblian aipatzen denez, 60ren bat herri edo hiri irabazi edo menperatu zituzten. Yahve-k israeldarrei, aurkitzen zituzten herri idolatra guztiak birrin zitzatela ANATEMA erabiliz esaten zien, hau da: hil egin behar zituzten ume, emakume eta gizon, eta halaber abere guztiak. Ez zegoen barkaziorik. Beraz, Yahve, esan dugun bezala, gehienetan Jainko gudazale eta anker agertzen zaigu eta bere Herria aukeratu eta Santu bezala.

Huitziloptxtli: Eguzkiaren Jainkoa zen, hau da, Jainko sortzaile eta emankorra, baina baita gudaria ere. Aztekar herriak hasieran mertzenari ziren eta toltekarrek, beren aurrekoek, gudari menderagaitz eta ankerren ospea zuten.

9. Herri guztiek eskaintzen diete beren Jainkoei zerbait. Aztekar herriak konkistatzaile espainolak iristerakoan pertsonen bihotza eta odola eskaintzen zioten beren Jainko nagusiari, hark bizirik segi zezan. Hau izan da beti leporatu zaien “bekatua”.
Bekatuak alde batera utziz, kontutan hartu behar da ohitura hau herri honen historian nahikoa berria zela: Seigarren errege aztekarraren garaian hasi zen, eta bere arbaso zen toltekar herriak, Jainko berberari ez zion giza bizitza eskaintzen; loreak, tximeletak eta sugeak baizik.
Juduek aldarean abereak hiltzen zituzten eskaintza gisa eta haien odolez baretu nahi zuten Yahve Jainkoa.
10. Esan daiteke bestetik, ezinezkoa dela Biblia Santuak eskaintzen dituen datu zehatz eta oparoak eta ahoz-aho jasotako nolahalako istorio mitologikoa konparatzea.
Bibliak idatziz halako antolakuntza sozial eta morala ematen baditu eta aztekar herriaren mitologiak ez, horrek ez du esan nahi azken hauek ez zutenik, zeren ongi frogatua bait dago espainolak Mundu Berrira (eta Tetxnotikan-era bereziki, aztekarren bihotzera) iritsitakoan harrituta gelditu zirela haien antolakuntza eta jakinduriaz.
Idazkera, marrazkien bidez adierazten zuten, kode matematikoak, egunak eta hilabeteak finkatzeko ere erabiliz.
Gizartea mailakaturik zegoen lanbideen arabera. Eraikuntza arkitektonikoek, ur kanaliztapenek, aintzira baten erdian zegoen herri nagusia komunikatzeko erabiltzen zituzten zubiek eta galtzadek, Herri aurreratuak zirela erakusten zien.

Beraz, ikur hauen azalean gelditzen bagara, ez dugu ezer baliokorik kausituko, baina funtsean hain urruti dauden bi Herri hauek (beste askorekin gertatzen den bezala) beren Jainko, errito eta sinesmenekin, funtzio berberak edo antzerakoak betetzen dituztela erakusten digute eta azken batean edozein gizakiren beldur eta nahiak, bizilekuak eskaintzen dion inguruaz baldintzaturik daude.

ISRAEL-ek, Yahve-k aukeratutako herri Santuak, egindako EXODO-aren mugak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia