}

Artoa Amerikatik etorri al zen?

1998/02/01 Arotzena Otxotorena, Gerarta Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kanaria Handian dagoen Galdarreko errotari batek kanariarrek artoa (bere hitzetan millo-a) Amerika baino lehen ezagutzen zutela esan zidan. Alde batetik oker zebilen, baina, bestetik, arrazoi zuen. Gaur egungo artoa (Zea mays) Amerikatik etorria da. Horretan erratuta zegoen. Baina millo izena, eta baita artoa izena ere, lehenago (Panicum milliaceum) beste landare baten eta bere fruituaren izena zen. Artatxikia, artoa izenaz, oso erabilia zen garai hartan gure artean, baita Europa eta Afrikako lurralde gehienetan ere. Amerikatik landare berria ekarri zutenean zaharra zokorarazi egin zuen, askoz ere emankorragoa zenez, eta izena lapurtu egin zion, landare bion antzaren ondorioz. Egun artatxikia guk ez dugu ezagutzen (Afrikako zati handi batean elikaduraren oinarritzat dute), txoriei jaten emateko ez baldin bada, nahiz eta oso elikagai goxoa, interesgarria eta azkar egiten dena izan.

Artoaren izenak

Hernán Cortésen gizonei, Amerikara iritsitakoan, menpean hartutako indiarrek artoa eskaini zieten zaldientzat «Mahí Señor» (tori jauna) esanez. Hortik hartu du mintzaira gehienetan izena. Gure inguruan salbuespen bakarrak Kanariak, Portugal, Galizia eta Euskadi dira. Bertan lehen (Panicum milliaceum) artatxikiari ematen zitzaion izena hartu baitzuen (Zea mays) artoak. Ingelesezko artoaren izena ere, corn, lehen beste zereal batzuek zuten, hain zuzen inguru jakin bateko labore nagusia izendatzeko erabiltzen zen. Ingelesarekin jarraituz, errota esateko mill erabiltzen dute. Ba al du zerikusirik artatxikiarekin?

Pasta

Zerealak aprobetxatzeko beste bide garrantzitsua pasta da. Pasta Txinan aspalditik ezaguna da eta, esaten denez, handik ekarri zuen Marco Polok. Baina beste iturri batzuen arabera, bi mila urte lehenago etruskoek erabiltzen zuten, baita lehenago erromatarrek ere. Zalantzarik gabekoa hau da: Italiako sukaldaritzan pasta ikaragarri garrantzitsua dela eta gero eta zabalduagoa dagoela mundu osoan, jaki interesgarri, merke, aberats, eta azkarrak ematen baititu.

Pasta, gari gogorraren irina eta ura nahasiz egiten da, baina beste zituen irinak erabiltzeaz gain (Txinan arroza), ura olioz edo arrautzez ordezkatu ahal da, baita koloregaiak nahastu ere (berdurak, txoko-tinta...) pastaren aukerak biderkatuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia