}

Arrokothen azterketa sakonak planetesimalen jatorria argitzen lagundu du

2020/02/13 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

arrokoth-planetesimalen-jatorria
Arrokoth. - Arg. NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Southwest Research Institute/Roman Tkachenko
Arrokoth, iazko azarora arte Ultima Thule bezala ezagutu izan zen Neptunoz haraindiko objektua, bi planetesimalen arteko batuketatik sortu zela berretsi du ikertzaile talde batek. Argitu dutenez, objektuaren eraketa ez zen izan talka baten ondorioa, "leunkiro" egindako grabitazio-hurbilpen baten emaitza baizik. Ideia horri berresteko, besteak beste, Arrokoth osatzen duten bi lobuluen arteko loturan deformazio-arrastorik aurkitu ez dutela argudiatu dute.  

Hala azaldu dute zientzialariek Science aldizkarian aurkeztutako hiru zientzia-artikulutan, non gizakiak inoiz bisitatutako objektu urrunenari buruzko datu berriak eskaini dituzten. 2019ko urtarrilaren 1ean New Horizons zunda Arrokothetik 3.500 km-ra hurbildu zen, eta, horri esker, pixeleko 33 metroko bereizmena lortu zuen irudietan. Horrek gorputz txiki honen ezaugarri geologikoak ezagutzeko aukera eman die ikertzaileei.

Besteak beste, Arrokothen azala nahiko leuna dela azaldu dute, eta horregatik uste dute gutxi aldatu dela jaio zenetik. Bertan ikusitako kraterretan oinarrituta, kalkulatu dute duela lau mila milioi urte sortu zela. Espektrografiaren arabera, metanola eta momentuz identifikatu gabeko beste hainbat molekula organiko daude, eta, ura dagoelako susmoa duten arren, oraingoz ezin izan dute identifikatu.

Eraketari dagokionez, uste dute eguzki-nebulosaren barruan sortutako kolapso-hodei lokal batean jaioa zela, eta ez urrunduta zeuden objektuen arteko talkatik, akrezio hierarkikoaren teoriak babesten duen moduan.

Arrokoth hain distantzia handitara egonda, denbora asko behar izan da bildutako datu guztiak jasotzeko. Iazko maiatzean aurkeztu zituzten objektuari buruzko lehenengo azterketak, ordura arte jasotako datuetan oinarrituta. Orain, ordea, esku artean izan duten datu-kopurua hamar aldiz hadiagoa izan da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia