}

Arrain inbaditzaileak kontrolpean

2002/11/08 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gero eta arazo larriagoa ari dira bilakatzen espezie inbaditzaileak. Jatorrizko ekosistemako espezieak ordezkatu eta guztiz desagerraraz ditzakete, baita gaitzak edo izurriteak zabaldu ere.

Gehienetan, espezie berria ekosisteman kalteak sortzen hasten denean konturatzen dira adituak izurrite berri baten aurrean daudela. Eta askotan beranduegi izaten da arazoa konpontzeko. Oso zaila eta garestia da ekosistema batean sartzen den espezie berria kontrolatzea; horregatik, askoz ere abantailatsuagoa izan daiteke inbaditzaile izateko aukera duten espezieak aurretik ezagutzea. Estatu Batuetako zientzialari-talde batek eredu matematiko bat egin du inbaditzaile izan daitezkeen arrain-espezieak ezagutzeko.

Laku Handietan bizi diren 45 arrain-espezie exotikoren ezaugarriak hartu dituzte kontuan eta horietatik inbaditzaile zerk egiten dituen aztertu dute. Dirudienez, espezieek lau ezaugarri dituzte komunean: gazitasun- eta tenperatura-tarte handiak jasan ditzakete, azkar hazten dira eta beste leku batzuetan ere inbasioak sortu dituzte.

Zientzialariek eginiko ereduaren arabera, itsasontzietako lastran Itsaso Beltzetik eta Kaspiar Itsasotik Laku Handietara hel daitezkeen 66 espezietik bostek inbaditzaile izateko aukera handia dute. Bost espezieetatik bat dagoeneko Kaspiar Itsasotik Volga ibaira pasatu da eta litekeena da gutxira Itsaso Baltikora eta Ipar Itsasora ere heltzea.

Ereduak Laku Handietarako bakarrik balio du, horko arrain-espezie guztien datu-basea oso osatua dagoelako. Baina eredu orokorrago bat egiteko oinarri egokia izan daitekeela uste dute adituek; inbaditzaile izan daitezkeen espezieak ezagutzen dituen sistema orokor bat izanez gero, espezie horiek ez sartzeko ekintzak presta daitezkeelako, eta kontrol zorrotzagoak ezarri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia