}

Arkitektura bioklimatikoa

2002/11/01 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ekonomiaren garapenarekin oso lotuta doa eraikuntzen beharra. Gero eta etxebizitza, fabrika, bulego... gehiago behar dira, eta etengabe eraikitzen da munduko zoko guztietan. Hala ere, gutxitan hartzen da kontuan eraikuntza batek ingurumenean zenbaterainoko inpaktua duen.

Ildo horretatik, arkitekto bat baino gehiago hasi da eraikuntzen diseinua zaintzen, ingurumenari ahalik eta min gutxien egiteko. Horri eraikuntza jasangarria deitzen diote batzuek. Eraikin bat modu jasangarrian eraikitzeko, faktore asko hartu behar dira kontuan, esaterako: materialak, eraiki behar den tokiko ezaugarriak, eraikitzeko teknikak, eraikinaren kokapena eta energia-kontsumoa. Azken faktore horri helduko diogu artikulu honetan, energia-kontsumo minimoa daukaten etxeei, etxe bioklimatikoei hain zuzen.

Argiztapen egokiarekin etxearen beroketa gastuak asko gutxitzen dira.

Arkitektura bioklimatikoa aztertu eta bultzatzen dutenen esanean, etxebizitza batek eragin dezakeen inpakturik gogorrenetakoa erabiliko den denbora-tarte guztian izango duen energia-kontsumoa da. Etengabe behar da energia eta, eskaera hori betetzeko, erregai fosilak erabiltzen dira oraindik ere. Elektrizitatea sortzeko erabiltzen diren prozesuek CO 2 aren produkzioa asko areagotzen dute, eta hori saihesteko modu egokiena energia-gastua gutxitzea da; eta horretan egiten du ahalegina arkitektura bioklimatikoak.

Arkitektura bioklimatikoa: eguzki-energiaren aprobetxamendua

Baina nola definitzen da arkitektura bioklimatikoa? Ingurumenera moldatutako arkitektura da, ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena sortzen saiatzen dena, eta energia-kontsumoa jaistearekin poluzio gutxiago sortzeko helburua duena. Hori guztia diseinuaren eta material-aukeraketa egokiaren bidez lortu nahi da, ingurumenak eskaintzen duen guztia aprobetxatuz.

Etxebizitzako energia-kontsumoa.

Etxebizitza bioklimatikoa energetikoki autonomoa da, eta hori lortzeko ezinbestekoa da diseinu egokia izatea. Diseinuarekin etxebizitzaren kontrol termiko eraginkor bat izatea lortzen da: eraikuntza bera da energia hartu, gorde eta banatzen duena, bai udan bai eta neguan ere.

Etxebizitza bioklimatikoaren energia-iturri garrantzitsuena Eguzkia da. Edozein lekutan errazen aurki eta aprobetxa daitekeen energia da, merkea, garbia eta agortzen ez dena. Etxe bioklimatikoen diseinuak eguzki-energia ahalik eta gehien aprobetxatzeko helburua du. Energia hori erabiltzen da etxea berotzeko, argiztatzeko eta ura berotzeko.

Aire beroak igotzeko duen joera aprobetxatuz, etxea egoki airezta daiteke energia gastatu gabe.

Etxea diseinatzerako orduan, ongi aztertu behar dira eraiki behar den tokiko klima, Eguzkiaren ibilbidea eta beroaren transmisio-moduak. Horretaz gain, eraiki behar den lekuko orografia, haizearen norabide ohikoenak, landaredia... kontuan hartzen diren faktoreak dira guztiak.

Baina nola aprobetxa daiteke eguzki-energia?

Eguzkiaren bidez etxe osoa berotzea da helburu nagusia, horretan kontsumitzen baita energia gehien. Eguzkiak ematen duen energia egoki aprobetxatuz gero, ez dago berotze- edo hozte-sistemarik erabiltzeko inolako beharrik. Horretarako, etxearen orientazioa, isolamendua, aireztatzea eta landaredia dira kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuenak.

Orientazioari begira, bi aukera daude: etxebizitzako gelarik erabilienak eta ateak hegoaldera begira izatea edo hegoaldeko horman beirazko berotegi bat eraikitzea, Eguzkiaren berotasun guztia hor pilatzeko. Bi aukerekin, Eguzkiaren argia eta berotasuna zuzenean aprobetxatu ahal izango dira egunaren zati handi batean. Iparraldera begira, berriz, gutxi erabiltzen diren gelak egongo dira edo ahalik eta irekiune gutxien, beroak hortik ihes egin ez dezan.

Gainera, etxearen isolamenduak oso ona izan behar du, egunean zehar pilatzen den berotasuna gauez gal ez dadin. Isolatzeko mota askotako materialak erabil daitezke, eta etxebizitza jasangarria eraiki nahi bada, materialek ere halakoak izan beharko dute: birziklatuak, edo gutxienez birziklagarriak.

Neguan goxo-goxo eta udan fresko

Kanariar Irletan eraikitzeko diseinatutako etxea. Gela guztiak iparraldera begira daude, gehiegi berotu ez daitezen.

Udan, neguan ez bezala, Eguzkia ordu asko egoten da zeruan, eta, hain ondo isolatutako etxe batean, nahi baino bero gehiago pila daiteke. Hori gerta ez dadin, oso garrantzitsua da aireztatze-sistema eta etxe inguruko landaredi egokiak aukeratzea.

Aireztatzea ahal den neurrian energia gastatu gabe egitea lortu behar da, energia aurreztea baita, azken finean, helburua. Horretarako, aire beroak gorantz igotzeko duen joera aprobetxa daiteke, adibidez.

Airea freskoagoa den lekuetan irekiuneak zabal daitezke, udan aire freskoa barrura sar dadin. Era berean, etxearen goiko zatian, sabaian eta teilatuan aire beroak ihes egin dezan beste irekiune batzuk zabal daitezke. Horrela, etxearen azpialdetik sartzen den aire freskoak barruko aire beroa gorantz mugiaraziko du, eta etxea aireztatzen lagunduko du. Irekiuneak erabiltzailearen beharren arabera zabal edo itxi daitezke. Horrela, etxea asko berotzen denean, tenperatura jaisteko aire-korronteak sortzea lortuko da.

Etxearen behar energetikoak asetzeko aukera bat panel fotovoltaikoak jartzea da.

Etxe-inguruko landarediak ere lagun dezake etxearen egonkortasun termikoan. Eguzkiak gehien jotzen duen lekuetan zuhaitz edo zuhaixka hostogalkorrak landatuz gero, lan bikoitza beteko dute landareek. Alde batetik, udan itzala eman eta giroa freskatuko dute; beste aldetik, neguan hostoak galtzen dituztenez, eguzki-izpi denak pasatzen utziko dute eta argiztapen egokia lortuko da.

Bai neguan eta bai udan eguzki-izpien norabidea ere kontuan hartuko da. Udan izpiak askoz ere perpendikularragoak dira; ez dira leihoetatik zuzenean sartzen eta zati handi bat islatu egiten da. Beraz, etxea ez da hainbeste berotuko. Neguan, berriz, Eguzkia beherago dagoenez, izpiak zuzenago sartzen dira leihoetatik, eta gehiago aprobetxatzen dira.

Eta errealitatean zer?

Aipatutako guztia eta gehiago duen etxebizitza, hasieran garestiagoa bada ere, luzarora begira errentagarria suertatzen da, ohiko etxebizitza batek kontsumitzen duen energiaren % 70 aurreztera hel daitekeelako.

70eko hamarkadan AEBetan eraikitako etxebizitza bioklimatikoa.

Hala ere, gaur egun eta inguru hauetan, oso gutxik dute etxebizitza bat eraikitzeko aukera, eta gehienek dagoenarekin konformatu beharra dute. Hori, alabaina, ez da aitzakia daukagun etxebizitzan aldaketarik ez egiteko. Dagoena ‘bioklimatikoago’ bilakatzeko aukera ugari daude.

Klima, etxebizitzaren kokapena eta energia-gastu handiena nondik datorren aztertuz, energia aurrezteko zein neurri hartu behar diren jakin daiteke: etxebizitza hobeto isolatu, Eguzkiaren argia hobeto aprobetxatu etxea berotzeko edo argiztatzeko, etab.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia