}

Apo lasterkaria, begirik ederrenen jabe

1993/11/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gainerako gauza guztietan bezala, animaliez aritzean ere bakoitzak bere maitasun eta gorrotoak ditu. Eta hauetaz gain, estereotipoak eta modak izaten dira noski. Animalia batzuk eztabaidarik gabe edertasunaren adibidetzat hartzen ditugun bezala, beste batzuk berriz, munduko izakirik lizun, higuingarri eta jasangaitzenak dira gehiengoaren ustetan. Baina zertxobait hurbilduz gero, piska bat arduratzen bagara, izaki orok izaten du edertasun ezkuturen bat gure gozagarri. Eta horixe da apo lasterkariaren kasua; berau baitugu Euskal Herrian diren begirik ederrenen jabe!

Bere soin-adar laburrak direla eta, jauzilari txarra dela aipatu dugun arren, animaliatxo hau ibiltari azkarra eta lauzikatzaile trebea dugu.
J.R. Aihartza

Apo lasterkaria (Bufo calamita) tamaina ertaineko anurua dugu. Apo arrunta (Bufo bufo) baino txikixeagoa izaki, eta honek bezalako soin trinkoa eta bikorrez jantzitako larru zimurra ageri ditu, bere ezaugarririk bistakoena bizkarrean zehar duen lerro bertikal argia duelarik. Buru triangeluarra luze baino zabalagoa du, eta bertan begi handiak nabarmen kanporatuak ditu alde dortsalean. Gainerako bufonidoek bezala, apo lasterkariak ere beginini horizontala du, eta honen inguruan iris hori-berdeska, beltzez orbaindua ageri du, begiak erabat harturik sekulako irudi bikain eta ikusgarria osatzen duelarik.

Animaliaren garondoan, eta lepo-gainerantz hedatuta, guruin parotoideo ia paraleloak ikus daitezke, eta ez dibergenteak, apo arruntaren kasuan gertatzen den legez. Guruin hauen bidezkoa da, besteak beste, apoaren defentsabiderik garrantzitsuenetarikoa.

Izan ere, anuru honek, bizimodu ilunabartar eta gautarreko animalia lehortarra izanik, eta igerilari eta jauzilari kaskarra denez, tresna egokiak garatu behar izan ditu bere etsai izan daitezkeen harrapakariengandik babesteko. Esaterako, apo lasterkariak, etsaien begirada zorrotzekiko ezkutatzeko lagungarri zaion kolorazio kriptikoa ageri du: lepape eta sabelaldea zuriska edo zuri horiska, eta orbainik gabea edo arre ilunez arinki pintarratua izaten dituen arren, alde dortsala grisa edo berdeska ageri ohi du, funtzio disruptibo argiko orbain arrez edo arre berdeska nabarmenez jantzita.

Baina janzkera kriptikoaz gainera, apo lasterkariak badu defentsabide egokiagorik etsaiengandik babesteko: gainerako hainbat anurutan, eta bereziki bufonido guztietan gertatzen den legez, apo lasterkariaren kasuan ere epidermi osoa guruin pozoitsuz hornitua ageri da, hauek batez ere soin osoan zehar barreiatuta ageri dituen bikorretan, eta bereziki garondo-gaineko guruin parotoideo nabarmenetan kontzentratzen direlarik. Guruin hauetan ekoizten diren bufotoxina eta bufotenina ahalmen handiko pozoiak dira, eta hauek etsaiaren odolean ziztatzeko ahalmenik izango balute, apoak benetan animalia beldurgarriak izango lirateke. Baina ez da horrelakorik gertatzen. Harrapakariren batek hozka eginez gero, apo lasterkariaren azaleko pozoiak etsaiaren aho eta ezpainak sumintzen ditu, eta zoritxarreko ehiztariak berehala askatu behar izaten du dohakabea, gehienetan kalte handiegirik jasan baino lehen.

Apo lasterkariak beginini horizontala du, eta honen inguruan iris hori-berdeska, beltzez orbaindua ageri du, begiak erabat harturik sekulako irudi bikain eta ikusgarria osatzen duelarik.
J.R. Aihartza

Baina ehizaki txarra izateaz gain, apo lasterkaria ehiztari gupidagabea eta goseti amorratua da. Bere soin-adar laburrak direla eta jauzilari txarra dela aipatu dugun arren, animaliatxo hau ibiltari azkarra eta lauzikatzaile trebea dugu; horma zimurretan gora erraztasun harrigarriz mugitzen dena. Eta ilunabarretik aurrera, hortxe aritzen da bere ehiza-eremuetan barrena, gora eta behera, bertan diren molusku, zizare, kukurutxa, armiarma, inurri eta gainerako ornogabeak atzeman eta sabeleratzen, ase ezinik.

Apo lasterkariaren araldia, udaberrian hasi, eta udazkena bitartean izaten da. Eta gure eskualdeko gainerako igel eta apo gehientsuenetan gertatzen den legez, espezie honen kasuan ere hautespen sexuala kantuaren bitartez bideratzen da.

Sasoia iristen denean arrak dira putzu eta urmaeletara hurbiltzen lehenak, eta iritsi orduko hantxe hasten dira, lepapeko aho-zorroa puztuz, kantu bizian. Inguruko ar guztiak bertan direla, eta haien “ahots zoragarriak” erakarrita, emeak bertaratzen hasten dira. Baina hauek pixkanaka iristen zaizkie, eta orduan sekulako borrokak sortzen dira arren artean, bertaratutako emeen arrautzak nork ernalduko erabakitzeko.

Akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, eta bertan, arrak, bere besoez aurreko hanken atzealdetik eusten dio emeari, estu-estu, inola ere askatu gabe. Jarrera honetan direla, eta besoez estutuz, arrak arrautzak erruten laguntzen dio emeari, eta hauek kanporatu ahala espermioa jariatzen du, kanpo-ernalketa burutuz.

Emeak 3.000 arrautza inguru erruten ditu, zenbait metrotako luzera izan dezaketen gelatinazko bi lokarri luzetan.
J.R. Aihartza

Horrela, emeak 3.000 arrautza inguru erruten ditu, zenbait metrotako luzera izan dezaketen gelatinazko bi lokarri luzetan. Garapena oso azkarra izaten da, eta bospasei egunetan 20 mm inguruko luzerako apaburu txiki arre-ilunak jaiotzen dira bertatik. Apaburu hauen garapenak eta metamorfosiak beste 6-8 aste behar izaten ditu, eta epe horretan 10-15 mm-ko ehundaka apotxo lehorreratzen dira, ausardia osoz, gogotsu, mundu lehor berri horri aurre egiteko asmoz. Baina hala ere, bakan batzuk baino ez dira izango lau urteren buruan heldutasun sexuala lortu, eta belaunaldi berriaren bila saiatzeko gai izanen direnak.

Banaketari dagokionez, apo lasterkaria espezie atlantiar eta mediterraniar mendebaldarra dugu, Europan Iberiar penintsulan, Frantziako estatuan, Suitzan, Belgikan, Holandan, Ingalaterran, Alemanian, Danimarkan, Suediako hegoaldean, Letonian, Polonian eta Sobiet Batasuna zeneko mendebaldean aurki daitekeelarik; hots, ia Europa osoan, hego-ekialdean eta hegoaldean izan ezik.

Euskal Herrian ez dago inola ere eskualde guztietan. Eskualde mediterraniarrari dagokionez, apo lasterkaria espezie arrunta dugu ia Araba osoan eta Nafarroako erdialde eta hegoaldean, bertan populazio sendoak ikus daitezkeelarik. Habitatari dagokionez, apo lasterkaria nekazal alorretan, lugorritan, eta debet utzitako eremuetan ageri da batipat, beti ere itsas mailaz gainetiko 1.000 m inguruko altitudeetatik behera. Antza denez, tenperatura altuko eremuak, edota klima ozeanikoaren epeltasunaz babesturikoak ditu gogokoen.

Akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, eta bertan, arrak, bere besoez aurreko hanken atzealdetik eusten dio emeari, estu-estu, inola ere askatu gabe.
J.R. Aihartza

Horregatik, kostaldean zenbait populazio isolatu ikusi izan da Bilbo, Lekeitio eta Hondarribian, baina hauetariko bi lehenak aipu zaharrak dira, eta gaur egun ez dago hori baieztatzerik. Hondarribiari dagokionez berriz, bertako populazioa badago oraindik, baina bizirik irautea zaila izanen da babes-neurri egokirik hartzen ez bada, putzu eta urmaelak estali eta lehortzeko, eta ahal den guztietan eraikuntza berriak altxatzeko dugun joera burugabea dela eta.

Fitxa teknikoa: APO LASTERKARRIA

Espeziea: Bufo calamita
Familia: Bufonidoak
Ordena: Anuruak
Klasea: Anfibioak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia