}

Amerikaren "aurkikuntza": astindu galanta ekologiari

1992/06/01 Susaeta, Tomasa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zorioneko V. mendeurrena gainean dugu. Espainiako komunikabideetatik egunero gogorarazten digute Hegoaldeko euskaldunoi. Amerika “aurkitzea” eta “konkista” haren alde ilunak, gehiegikeriak eta gainerako “keria” guztiak eztitzearren “bi munduen elkar topatzea”, “bi kulturen elkar hartzea” eta antzeko estalgarriz jantzita saltzen digute basakeria hura. Baina Amerikaren “aurkikuntzak”, bi mundu eta bi kulturen arteko talka bortitza izateaz gainera, ondorio ekologiko izugarriak izan zituen.

Badakigu Kristobal Kolon Amerika “aurkitu” zuen lehena ez zela izan. Euskal arrantzaleak askoz lehenago iritsiak ziren Iparramerikako kostaldeetara. Baina arrantzaleak ez ziren konkistatzaile. Eta euskaldunak baino lehenago ere, orain dela mila urte inguru, bikingoek Ameriketaraino bidaiatu ohi zuten (horregatik eskandinaviarrek bostgarren mendeurrenari farre egin eta, bostgarren barik, hamargarrena ospatu behar dela diote). Baina Kristobal Kolon izan zen aurkikuntzaren dimentsio politikoaz jabetu eta berria Europa osora zabaldu zuena.

Patata, jatorriz, Peruko goi-lautadetako landarea da. Gaur egun mundu osoan produzitzen da.

Dena den, argi izan dezagun, Amerika ez da “Mundu Berria”. 1492.eko urriaren 12an Kolon San Salvador irlan lehorreratu zenean, Amerika Europa bezain zaharra zen. Eta Europak eskaintzeko adina zuen berak Europari eskaintzeko. Benetako Mundu Berria harez geroztik amerikarrek eta gainerakook bizi duguna da. Izan ere, milaka urtetan elkarren berririk gabeko bi kontinenteen arteko tupustetik sortutako ondorioak inoizko handienak izan dira zibilizazioaren historian.

Ondorioetako batzuk, ikusiko dugun lez, onuragarri izanik ere, beste batzuk oso kaltegarri izan ziren. Konkistatzaileek ekologiaren aurkako bi bekatu nagusi egin zituzten: Europarrek Amerikako herriak ustiatu eta menperatu beharreko pizti eta aberetzat hartu zituzten eta ez maila bereko gizakitzat; europarrona bezain kultura zahar eta aberatsa zuten gizakitzat, alegia. Bestalde, Amerikako ingurunearen hauskortasunari ez zioten erreparatu. Ondorioz, naturak milaka mendetan sortutakoa bost mendetan ia erabat suntsitu dugu europar zibilizatuok.

Kontinente “berriaren” eta Europaren (gehi Afrika eta Asiaren) arteko elkartrukea 1493.ean hasi zen, Kolonen bigarren bidaiarekin. Bidaia hark, hamazazpi untzitan, 1.500 bat gizonezko, zenbait emakumezko, zaldiak, behiak, zerriak, oiloak, garia, garagarra, bestelako haziak eta azukre-kanabera lehorreratu zituen Haitiko hondartzetan. Elkartruke hartan lau talde nagusi bereiztuko ditugu: landareak, animaliak, gizakiak eta gaixotasunak.

Landareak

Landare jangarritan, garrantziari bagagozkio, Amerikaren aldera egiten du balantzak, zalantzarik gabe. Hona hemen datuak:

Artoaren jainko gaztea (Maien jainkoa, VI-VIII. mendekoa, Hondurasen aurkitua. Basaltozkoa da). Orrazkerak artoaren hazkuntza adierazten du.

Europarrek azukre-kanabera, labore nagusiak (garia, garagarra, ...), mahatsondoa, tipula, laranja, madaria, etab. eraman zituzten. Amerikatik indabak (indaba = indietako baba), mandioka, juka, kakahuetea, eta, batez ere, kakaoa, tomatea, patata eta artoa. Horiek gabe, gaur egun tomate-saltsarik gabeko Italia eta txokolaterik gabeko Suitza izango genuke eta gure tabernetan ez litzateke patata-tortillazko pintxorik izango. Pentsaezina, ezta?

Patata Peruko goi-lautadetako landarea da eta poliki-poliki hedatu zen Europan. Dirudienez, Europan patata ezagutu zuen lehen herrietakoa Euskal Herria izan zen. XVI. mendearen amaiera aldera iritsi bide zen gure kostaldeetara. Irlandara geroago iritsi zen, XVII. mendearen erdialdera, eta handik gutxira irlandarren elikagai oinarrizkoen eta nagusi bilakatu zen. Europako erdialdera XVII. mendearen amaieran baino ez zen iritsi. Txinara ere XVII. mendean iritsi zen.

Patata-landarea azkar hazten da, ez du lorzoru- eta klima-baldintza estuegirik behar eta, baldintza horiek betetzen dituztenen artean, hektareako kalori kopururik handiena ematen duen landarea da. Jatorri amerikarreko landareek gaur egun gure elikaduran duten garrantziaz ohartzeko, munduko produkzioari so egitea baino ez dago: 1986.ean, oinarrizkoentzat hartu ohi diren gari- eta arroz-produkzioa batera 1.000 milioi tonakoa izan zen; urte berean, arto- eta patata-produkzioa batera 788 milioi tonara iritsi zen.

Animaliak

Europatik Ameriketara eramandako zerriak izugarri ugaldu ziren eta, haietako batzuk ihes egin eta basazerri bilakaturik, kalte handiak egin zituzten jatorrizko fauna eta landaredian. (Argazkia: X. Goñi).

Animaliatan, ordea, Amerikaren ekarpena urri da. Indioilarra (indioilarra = indietako oilarra) da etxekotu zaigun animalia bakarra. Ameriketako faunaren gainerako abere eta animaliak, hala nola llama, guanakoa edo kondorra, ez dira beren sorlekutik atera.

Aitzitik, Europatik Ameriketara “migratutako” animalien zerrenda luzea da eta handia haien eragina. Izan ere, far-westeko filmetako indiarrak edo Argentinako gautxoak zaldirik gabe gaitz da irudikatzen. Alabaina, zaldia erabat ezezaguna (areago, pentsaezina) zen indiarrentzat. Zalduna eta zaldia, biak bat zirela pentsatu ohi zuten indiarrek konkistatzaileak lehenengo aldiz zaldi gainean ikusita.

Zaldia ezin hobeki egokitu zen Hego eta Iparramerikako belardi zabaletara eta XVII. mendearen hasieratik indiarren bizimodua biziki aldarazi zuen. Siux eta komantxeak, adibidez, herri nekazari seminomada ziren, baina, zaldiari esker, bisonte-ehiztari nomada bilakatu ziren, bisonte-talde migratzaileei jarraitzen zitzaizkielarik.

Europatik iritsitako asto, ardi, ahuntz eta zerriak ere ongi egokitu ziren kontinente berrira eta jatorrizko espezieekin batera elikaiturri eta lanindar izan ziren, eta dira, amerikarrentzat. Hala ere, zerriek kontinentean egindako kaltea ez da ahazteko modukoa. Ugalkortasun handikoak (bizpahiru umaldi urtean eta zortzi-hamar zerrikume umaldiko) eta orojaleak direnez, gizakien menpetik ihes egindako basazerriek era guztietako animalia eta landareak jaten zituzten. Mende bat eskas aski izan zuten zerriek Amerika osoa kolonizatzeko, Iparramerikako Eskozia Berritik Hegoamerikako Suaren Lurralderaino. Konpon ezinezko kalteak eragin zituzten bertako fauna eta landaredian.

Gizakiak

Afrikatik Ameriketara eramandako esklabuek erabat ordezkatu zuten Karibeko jatorrizko populazioa. Gaur egun, Karibeko zenbait tokitan, populazio beltza gehiengoa da. Esklabu beltz horien jatorrizko kulturak musikan eta erlijioan baino ez du iraun; vudu erritoetan batez ere. Haitiko vudu erritoaren arabera, ur-jauzietako mamuek gaitz izpiritualak sendatzen dituzte eta haien urek gorputza garbitu egiten dute.

Ekologiaren aldetik aztertuta, Amerika “aurkitzeak” ordurarteko astindurik latzena izan zen giza espeziearentzat. Arraza bat, zuria, nagusi agertu zen mundu osoan. Gainerako arrazek haren menpe geratu eta haren izugarrikeriak pairatu behar izan zituzten. Ameriketako herri asko desagertu egin zen. Genozidioa izan zen. Amerindiarrak esklabu hartuta, lanera behartu zituzten (azukre-kanaberan hasieran, kotoi eta tabakoan ondoren). Lan-baldintzek eta gaixotasunek jatorrizko populazioa ia desagerterazi egin zuten. Ordezkoa Afrikako populazio beltza izan zen. Abereak bailiran, afrikarrak samaldaka eraman zituzten Ameriketara esklabu-merkatariek.

Kolon Ameriketara iritsi eta handik 13 urtera, 1505.ean, iritsi ziren lehen esklabu beltzak. Esklabu-merkatua izugarri zabaldu zen eta urte gutxiren buruan 10 milioi beltz erauzi zituzten Afrikatik Ameriketan lan egiteko. Azukre-kanaberaren plantazioetan esklabuen hilkortasun-tasa ikaragarria zen: batezbeste esklabu bat hiltzen zen ekoiztutako tona azukre bakoitzeko. Karibeko jatorrizko populazioa erabat ordezkatu du Afrikatik iritsitako populazio beltzak.

Gaixotasuna atzera-aurrera

Konkistatzaileek eragindako aldaketa guztiak txiki gelditzen dira epidemiek eragindako kalte beldurgarrien ondoren. Konkistatzaileak aise samar nagusitu ziren, baina hori ez zatekeen hain erraz gertatuko tifusak, hazikurriek eta, batez ere baztangak Ertamerika eta Hegoamerikako jatorrizko inperio sendoak pitzatu eta ahuldu izan ez balituzte.

Europarrek Ameriketako herriak ustiatu eta menperatu beharreko pizti eta aberetzat hartu zituzten eta ez maila bereko gizakitzat (Penn eta indiarren arteko ituna, Benjamin West pintorearen obra, 1771).

Baztanga gaixotasun endemikoa zen Europan. Agi denez, VI. mendean iritsi zen Europara musulmanen inbasioen bidez eta pixkanaka hedatuz joan zen. XVIII. mendean europarren % 10 baztangak jota hiltzen omen zen. Dena den, VII. mendeaz gero Europako populazioak nolabaiteko inmunitatea garatua zuen.

Badirudi Juan Nepomuceno untzimutila izan zela 1492.ean baztanga berekin Ameriketara eraman zuen lehena. Epidemia ziztu bizian zabaldu zen amerindiarren artean. 1519-20 bitartean ehundaka mila azteka hil zituen gaixotasunak, Hernan Cortés-en konkista erraztuz. 1525.ean inken lurraldera iritsi zen epidemia: Inka Handia hil eta armada ahuldu egin zuen. Pizarro 1532.ean Peruko goi-lautadetara bigarren aldiz iritsi zenean, baztangak txikitutako herri menderaerraza aurkitu zuen.

Epidemia oso azkar zabaldu zen. Kolon Karibera helduz geroztik, mende bat aski izan zen jatorrizko populazio-kopurua % 10era murrizteko.

Europarrek zanpatua, ahuldua, bortxatua eta ustiatua izanik ere, Amerikaren mendekua laster zabaldu zen Europara. Konkistatzaileek Ameriketako urre eta zilarraz batera, sifilia ekarri zuten. Baztangak Ertamerikako zibilizazioa akatu zuen; sifiliak ez zuen Europako zibilizazioa hondoratu, baina haren eragin eta ondorioak latzak izan ziren. XV. mendearen bukaeran iritsi zen sifilia Espainiara eta Italiako gerren bidez azkar hedatu zen Europa osora. Zahar nahiz gazte, aberats zein pobre, denak berdindu zituen sifiliak. Adibidez, Frantziako Karlos VIII.a 1498.ean hil zen sifiliak jota, 28 urte zituelarik.

Gaixotasun “italiarra”, “frantsesa”, “espainola”, ... europarrek elkarri egozten zioten gaitzaren jatorria. Gure egunotan HIESak (Hartutako Inmuno-Eskasiaren Sindromeak) gizartean nolako errefusa sortu duen eta HIESak jotakoek nolako beldur irrazionala eragiten duten ikusirik, XVI. mendean sifiliak gizarte-ohiturak eta garai hartako kultur giroa nola astindu zituen erraz da antzematen. Ordurarte, bekatuaren eta Jainkoaren zigorraren arteko harremanaren izaera metafisikoa zen (ifernua), baina bapatean gauzatu egin zen. Luxuriak, zornea jariatzen zuten oilaur okaztagarriez josten zituen bekatarien gorputzak. “Jainkoaren zigorra” izena eman zioten. Bainu-etxeak itxi egin ziren eta Inkisizioak, jezarpenak, erlijio-gerrek eta profetismoak Europa osoa zeharkatu zuten. Bitartean, Atlantiar Ozeanoaz bestaldean, Amerika menperatuak irri egiten zuen.

Ehundaka mila urtez elkarren berririk gabe garatu diren bi munduen arteko topaketa gizateriaren historian behin bakarrik gertatu da. Gizarte desberdinen arteko harremanak pixkanaka gertatu ohi dira espazio eta denboran. 1492.ekoa ordea, Ameriketako herrientzat kultur danbateko itzela izan zen; erabateko eztanda. Orduko gehiegikerietatik ikasiko al dugu!


Azukre-kanaberak europa gozatu, amerika eta afrika mikaztu

Azukre-kanabera Asian eta Afrikako zenbait tokitan landatzen zen (Txinan eta Kanarietan adibidez) Ameriketara iritsi aurretik baina, produkzioa txikia zen eta ez zuen garrantzi handirik. Azukrea oso garestia zen. Haitin landatutako lehenengo kanabera-sailek uzta ezinhobea eman zuten eta berehala zabaldu ziren Kuba, Puerto Rico, Jamaika eta Brasilera. Baso tropikaleko milaka hektarea goldatu ziren kanabera landatzeko.

Lurra gertatu, landatu, jorratu, bildu, zukua atera eta azukre kristalizatua eta gainerako azpiproduktuak prestatu ahal izateko, lanesku ugari behar zen. Jatorrizko amerikarrak, amerindiarrak, behartu zituzten langintza horretara. Baina Europatik eramandako gaixotasunek (baztangak, tifusak, hazikurriek, elgorriak, etab.ek) jatorrizko populazioaren % 90 inguru akatu zuten urte gutxiren buruan. Orduan, ordezkatzeko, Afrikako beltzak eraman zituzten esklabu.

Ordurarte produktu garestia zen azukrea, arras merkatu eta industria garrantzitsu bilakatu zen. XIX. mendearen hasieran erremolatxatik azukrea lortzeko prozedura industriala aurkitu zenean, kanabera-sail gehienak pixkanaka-pixkanaka desagertu egin ziren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia