}

Alzheimer-en gaixotasuna garaiz diagnostikatzeko beste urrats bat

2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun Alzheimer gaixotasunak ez du tratamendu eraginkorrik; gehienetan medikuak diagnostikatzen duenerako larria da. Litekeena da gaixoak lehen hamabost urteetan sintomarik ez nabaritzea.

Horregatik, ikerketaren gakoa gaixotasuna lehen urratsetan diagnostikatzeko metodoa aurkitzea da. Helburu horrekin egindako proiektu baten berri eman du Journal of Geriatric Psichiatry aldizkariak. Jorge R. Barrio eta Gary Small UCLA unibertsitateko doktoreek garuneko positroien igorpen-tomografian markadore izan daitekeen konposatu kimiko bat prestatu dute. Substantzia hori, FDDNP izenekoa, gaixotasunak hondatutako garunaren guneetan metatzen da. Horrela, gune horiek tomografiaren bitartez detekta daitezke, nahiz eta txikiak izan eta sintomarik eragin ez.

Gaixotasuna garaiz detektatuz gero, degenerazioa moteltzeko tratamendua egin dezake pazienteak. Agian, etorkizunean diagnosi goiztiarrerako metodo hori ohiko azterketa medikuen parte izango da. Oraingoz, Barrio eta Small ikertzaileen hurrengo helburua metodologia hori botika terapeutikoen jarraipena egiteko egokitzea izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia