}

Adiorik ez, Jabier

1996/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Agur Jabier:

Munduko zientzi aldizkari ospetsuenetan hirurogei artikulu baino gehiago idatzi zenituen ingelesez. Nazioarteko eta estatuko berrogeita hamar kongresu baino gehiagotan hartu zenuen parte. Industri injinerutzan doktore zinen; gainera Sheffield-eko Unibertsitateak philosophical doctor izendatu zintuen. CEIT ikerketa-zentruko materialen saileko buru zinen.

Donostiako Injineru Eskolako nire irakasle izan zinen eta orain arte, langintza horretan aritu zara. Curriculum hau Euskal Herriko ikerlariek dutenetan zabalenetakoa da, baina badu marka berezia, hots, euskalduna izatearena. Orain dela urte batzuk liburuak eta artikuluak euskaraz idazten eta klaseak euskaraz ematen hasi zinenean, barruko poza agerian geratu zitzaizun. Bat-batean joan zara eta jada ez zaitugu inoiz ikusiko.

Negarrez ari zen lagun batek esaten zidanez, emazteak eta lau seme-alabek gogoratuko zaituzte, baina zure irudia, beste askorena bezala, pixkanaka galduz joango da. Hainbeste lan egin eta familiari dirua ere ez omen diozu utzi...

Joxerra Aizpurua

Zuk bazenekien arestiko hitz hauek barruko minak agindutakoak direla; baita izan zirelako izan direla, izan direlako izaten ari garela eta izaten ari garelako izango garela ere. Hauxe da batez ere zure langintzan nik ikusten nuena; izatearen katea mantendu beharra, hain zuzen.

Beste batzuei egokituko zaigu orain katea hori sendotzea eta horretarako, zaude seguru, zure irudia erabiliko dugu. Ahaztuko zaitugu, gu ahaztuko gaituzten bezala, baina egunen batean Euskal Herriko enpresetan euskara izango da hizkuntza nagusia eta nazioarteko kongresuetara Euskal Herritik joango diren ikerlariek euskaraz emango dute beren lanaren berri eta Euskal Herria non dagoen ez dute azaldu beharrik izango.

Egia da, bestalde, zuk ematen zenuen babesa eta segurtasuna ez ditugula jada izango eta horregatik, oso ongi ulertzen dut zure inguruko lankideek etorkizunari buruz duten beldurra. Hala ere, nahiz eta zure ekarpenak sendoak izan, ez zenuen inoiz protagonismo pertsonala nahi izan; ostera, taldea zen benetako protagonista. Hortaz, taldeko kideei egokituko zaie orain zure hutsunea ez nabaritzea. Zaila da, baina egoera berrira uste baino errazago moldatuko direla iruditzen zait, zuk transmititutako jakinduria eta indarra ez baitira zurekin desagertuko, aspaldidanik zure inguruaren parte zirelako.

1995. urtean zuri egokitu zitzaizun Injineru Elkargoak, euskararen alde egindako lanagatik, urtero antolatzen duen omenalditxoa jasotzea eta aitortu beharra dizut ez nuela espero; ordura arte omendutakoen artean, zu izan baitzinen altzairu artean bizi izan direnetatik lehena eta horrek, laneko hizkuntza euskara izatea nahi dugunontzat, gure industria euskalduntzeko prozesua martxan zegoela adierazten baitzuen.

Hurrengo egunean Behobia-Donostia lasterketan hartu zenuen parte eta geroxeago Euskaldunon Egunkariak antolatutakoan ere bai. Heriotzak erakutsi digun legez, kirola, nahiz eta curriculum ofizialetan azaldu ez, zurean sartu behar dugu, zure bizimoduaren adierazgarri izan baita.

Eskerrik asko Jabier, izan zarelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia