Elhuyar zientziaren komunikazioa

Adinean aurrerago, bikiak izateko aukera gehiago

2006/04/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Amaren adina handitu ahala gero eta biki gehiago zergatik jaiotzen diren ikertu dute Herbehereetako zientzialariek. Orain arte uste zuten in vitro ernalkuntza gehiago egiten dituztelako izaten zela, baina orain ikusi dute ezetz, hormona-kontua dela.

Lehengo aldean, orain amek geroago izaten dituzte haurrak.

Normalean, obulutegien folikuluetan, hilean obulu bakar bat heltzen da. Hura askatzen da, zenbait orduz ernaltzeko moduan egoten da, eta, ernaldu ezean, hil egiten da. Emakumearen adina handitu ahala, mekanismoak akats gehiago ditu, menopausia iristen den arte; ordutik aurrera, obuluak askatzeari uzten diote obulutegiek.

Hortaz, ama heldu dezentek in vitro ernalkuntzara jotzen dute. Haurdun geratzeko aukera gehiago izatearren, in vitro ernalkuntzan enbrioi bat baino gehiago ezartzen da umetokian. Horregatik, bikiak edota hirukiak izateko arrisku handia egoten da. Beraz, ez da harritzekoa pentsatzea hori dela arrazoia amaren adina handitu ahala erditze bikoitzen kopurua handitzeko.

Alabaina, Herbehereetan azken hamarkadan izan diren erditze bikoitzak aztertu dituzte ikertzaileek, eta ikusi dute erdia baino gehiago ernaltze naturalaren ondorioz izan direla. Eta, gainera, bikiak izan zituzten ama gehienek 35 urte baino gehiago zituzten. Horren arabera, eta paradoxikoa dirudien arren, haurdun geratzen diren emakume helduek gazteek baino aukera gehiago dituzte bikiak izateko.

Aipatzekoa da kasu gehienetan bikiak ez direla berdin-berdinak. Izan ere, biki berdinak jaiotzen dira obulu bakar bat ernaldu eta garapenaren lehen faseetan erdibitzen denean. Biki ezberdinak, berriz, bi obulu aldi berean ernaltzen direnean jaiotzen dira. Ez dira berdinak izaten, bi obulu eta bi espermatozoide ezberdinetatik sortu baitira.

Gehiegikeria ez da inoiz ona

Bikiak izateko aukera gehiago dago amaren adina handitu ahala.

Normalean, ordea, hileko obulu bakarra askatzen da. Orduan, zergatik dituzte ama gazteagoek baino biki ezberdin gehiago 35 urtetik gorako emakumeek? Ikertzaileek frogatu dutenez, FSH hormona da horren erantzulea.

Hormona horrek folikuluen garapena sustatzen du. Ikertzaileek lehendik ere bazekiten FSH hormonaren kontzentrazioa handitu egiten dela 35 urtetik aurrera eta menopausia heldu artean. Dirudienez, gorputzaren mekanismo bat da, obulutegien gainbehera orekatzeko. Ikertzaileek FSHaren kontzentrazioa eta folikuluen garapena elkarrekin aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute FSH gehiegi dagoenean askatzen dela obulu bat baino gehiago hileko.

Hori da, beraz, 35 urte baino gehiago duten emakumeek bikiak izateko duten joeraren azalpena. Ondorio horretara iristeko, 507 emakumeren 959 ziklo aztertu dituzte. 105 emakumek izan zuten obulazio bat baino gehiago ziklo berean, eta 105 horietatik 5 besterik ez ziren 30 urtetik beherakoak, 45ek 30-35 urte zuten, eta 55ek 35 baino gehiago.

Ugalkortasuna neurtzen

Bestalde, Ingalaterrako Sheffield Unibertsitatean test bat asmatu dute emakumearen ugalkortasuna neurtzeko. Testa hiru hormonaren kontzentrazioan oinarritzen da: FSH, inhibina B eta AMH. Aipatu bezala, FSHaren kontzentrazioa handitu egiten da menopausia hurbildu ahala; beste biena, aldiz, txikitu.

Hiru hormonaren odoleko kontzentrazioa neurtuz, emakume baten ugalkortasuna kalkula daiteke.

Hiruren konbinazioak emakumearen ugalkortasuna adierazten du. Ondoren, beste emakumeen batezbestekoa eta adina aintzat hartzen dituen grafiko batean sartzen dute datua, eta hortik kalkulatzen dute zenbat jaitsiko den ugalkortasuna hurrengo bi urteetan.

Metodoa asmatu duten ikertzaileen arabera, oso da baliagarria. Haien ustez, 20-30 urte bitartekoa da umeak izateko adin-tarte egokiena; baina, gaur egun ama izateko garaia atzeratu egin denez, horrelako metodoak oso lagungarriak izan daitezke erabakiak hartzeko.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia