}

25 urte dibulgazioan, ospatzeko motibo ederra, ezta?

1999/11/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Giro ezin hobean igaro zen Elhuyarrek dibulgazio-lanean bete dituen 25 urteak ospatzeko antolatutako festa. Pili Kaltzadak gidatutako ekitaldia Iñaki Irazabalbeitiak ireki zuen, eta, hurbildutakoei eskerrak ematearekin batera, urte hauetan Elhuyarrek bete duen zeregina azaldu zuen. 25 urteko historia biltzen zuen bideo laburra ikusi ondoren, Andoni Egañak hartu zuen txanda. Zientzialari ez den batek zientzia nola bizi duen argitu zuen, guztia umore-puntuarekin. Egañak bukatu eta gero, Eustakio Arrojeria Elhuyar aldizkariko zuzendariak aldizkari berrituaren aldaketei buruzko azalpenak eman zituen Kursaalen bildutako guztientzat. Horraino ekitaldi ofiziala; estraofiziala, berriz, kanpoaldean, Martin Berasategiren otamenarekin.

Jende ugari bildu zen Elhuyarren zientzia eta teknikaren dibulgazio-lanaren 25. urteurreneko ospakizunean. Ekitaldiak komunikabide ugariren arreta piztu zuen, eta batek baino gehiagok —batez ere etxe honetako arduradunek— mikrofonoen eta telebista-kameren aurrean jarri behar izan zuen. Euskalgintzako, industriako zein unibertsitateko ordezkariak ere gustura egon ziren ekitaldian.

Kursaalera hurbildutakoek arreta handiz jarraitu zuten ekitaldian aurkeztutako guztia. Ekitaldia bukatu eta gero, berriz, Elhuyar aldizkari berritua besapean, tragotxoren bat edo beste egin eta Martin Berasategik prestatuko jakiak dastatu bitartean, aspaldiko lagunekin hitz egiteko aukera izan zen.

Andoni Egañak lan bikoitza egin zuen. Jendaurreko ekitaldi ofizialean, umorezko hitzaldian, zientziaren aurrerapenek eta teknologia berriek gizarteari ekarri dizkieten kalteak izan zituen hizpide. Jendea pintxo-lanean lasai zegoela, han hasi zen Andoni ikusten zuen edonori eta edozeri bertsoak botatzen. Saio laburra egin zuen, baina betea. Hori bai, baterako eta besterako haririk gabeko mikrofonoaz —aurrerapen teknologikoaz— baliatu zen.

Luis Maria Bandres

Hasierako Elhuyar aldizkaritik gaur aurkeztu den honetara desberdintasun handia ikusten duzu?

Desberdintasun handia ikusten dut, baina berdintasuna ere bai. Esan nahi dut azal aldetik edo kanpo aldetik desberdintasuna handia dela. Orain dauden bitartekoak, eta egiten diren gauzengatik desberdintasuna handia da, baina atzean dagoen espiritua, nahia edo, hori lehengo bera da. Horregatik esaten dut bi gauzak berdin ikusten ditudala.

Eta zer da handiagoa desberdintasuna ala berdintasuna?

Hasierako espiritu hura izango ez balitz, gainontzeko guztia ez litzateke posible izango. Horri esker, hasi ginenean martxan jarri genuen, zorionez abiada hartu du, eta 25 urte hauetan izan diren aldaketa zientifiko eta teknologikoak direla medio, gaur ailegatu den mailara ailegatu da. Beraz desberdintasuna handia da, baina berdintasuna oso handia.

Elhuyarren sortzaile zaren aldetik, nola ikusten du batek bere haurtxoa, orain 25 urte sortutakoa?

Egia esan behar badut, oraindik jarraitzen dut idazten. Garai hartan aitetariko bat izatea egokitu bazitzaidan ere, oraindik jarraitzen dut horrekin. Zer esanik ez, hasiera batean hizkuntza bera ere, euskara bera ere, zientzia eta teknika arloan oso-oso xume eta apala zen, kontzeptu sinpleak esateko ere ez genuen tresnarik. Pentsa dezagun matematikako hitzak, biderketa etab., ez zirela existitzen guk nola hola moldatu genituen eta gaur normaltasun osoz erabiltzen ditugun kontzeptu asko eta asko, behintzat ahozkera, Elhuyarren eta beste batzuen bitartez egin dira. Horregatik aldaketa izugarria da. Nik esango nuke gaur zorionez normaltasun osoz ikusten dugun hori parte handi batean, zientzia eta teknikaren alorrean diot,
ba, Elhuyarri esker izango da.

Unai Ugalde

Zer iruditu zaizu Andoni Egañarenhitzaldia?

Alde batetik hitzaldia interesgarria iruditu zait. Dena den, berak aipatu dituen gaiak sintomak dira. Zientzia ez da gauza horien guztien eragilea, baizik eta irizpiderik eza, zientziaren aurrean jendeak duen irizpiderik eza . Nire ustez azken urte hauetan zientzia oso azkar hazi da, kultura haz daitekeen edo gizakiak menpera dezakeena baino azkarrago, orduan desajuste horiek gertatzen dira.

Baina nik uste denborarekin telefono mugikorrak hobeto erabiliko direla, mikrouhinak hobeto ibiliko direla, eta gizarteak erabakiko du eta barruratuko du bizitza-kalitatea existitzen direla, eta gauza batzuk berez uzten joango dela. Erretzeari utzi diogun bezala, jendeak gero eta gutxiago erretzen du, gauza horiek guztiak jendeak azkenean barneratzen ditu, eta gauza onak hartzen ditu eta txarrak utzi. Orain arte, behintzat, bonba nuklearrekin kalte egin zen, baina orain jada gerlaren kontrako mugimenduak oso handiak dira, Greenpeacek mugimendua kutsaduraren aurkakoa eta babesaren aldekoa da.

Beraz, gizartea ez da geldirik egoten zientziaren aurrerapenen aurrean, baina batzuetan atzerago erreakzionatzen du. Baina zientziari esker nire emazteak ume txiki bat izan zuen eta medikuak lagundu zigun umea edukitzen, nire aitak Parkinson-en gaixotasuna dauka eta mutiko bat bezala ibiltzen da gaixotasunik edukiko ez balu bezala, eta hortzak hobeto dauzkagu, urte gehiago bizi gara….

Hamar aje aipatu ditu Egañak, zer dira gehiago ajeak ala onurak?

Onurazkoak handiak dira eta ajeak ere bai, baina nik uste ajeak pixkanaka-pìxkanaka ondorioak kulturalki barneratzen direnean joango direla. Esperantza horrekin bizi behar dugu, bestela ez dugu erremediorik, aldaketak datoz eta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia