}

22 adierazle ingurumenaren osasunari jarraitzeko

2002/11/29 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bart arratsean aurkeztu zituzten Bilbon Sabin Intxaurraga ingurumen-sailburuak eta Peter Bosch-ek, Europako Ingurumen Agentziako Reporting and Networking Coordination saileko zuzendariak, EAEko ingurumenaren egoera neurtzeko aintzat hartuko diren 22 adierazleak.
Sabin Intxaurraga, EAEko ingurumen-sailburua.

Adierazle horien jarraipena egin eta bilakaera ezagutarazteko konpromisoa Europako Batasuneko proiektu baten baitan kokatu behar da. Oraingoz, ingurumen-adierazleen sarean Europako eskualde gutxi batzuk daude eta EAE estatuan lehena da.

22 ingurumen-adierazle

Intxaurragaren esanean, ingurumenaren egoera faktore askoren arabera neur daiteke, baina, 22 adierazlera mugatuta, guztiontzat ulerterrazagoa eta neurtzeko errazagoa da.

Datuak urtero emango dituzte ezagutzera, azaroan. Dena dela, mementoko egoera zein den jakiteko baino gehiago bilakaera ezagutzeko balioko dute. Horrela, ingurumen-politika zuzena den ala neurri zehatzagoak hartu behar diren jakingo da.

22 adierazle horiek 13 sailetan banatzen dira:

  • Uraren kalitatea
  • Airearen kalitatea
  • Lurzoruaren kalitatea
  • Baliabide naturalen kontsumoa
  • Hondakinak
  • Berotegi-efektua eragiten duten gasen isurpena eta klima-aldaketa
  • Biodibertsitatea eta paisaia
  • Hiri-ingurumena
  • Ingurumen-arriskuak
  • Osasuna eta Ingurumena
  • Enpresa eta ingurumena
  • Administrazioa eta ingurumena
  • Ekoeraginkortasun-adierazleak

Gehiago jakiteko, egin klik hemen .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia