Elhuyar zientziaren komunikazioa

Herschelen begietatik ikusitakoa

2013/06/01 Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itxi ditu begiak Herschel teleskopioak. Halabeharrez itxi ere, bukatu baitzaio hozgarria. 2009ko maiatzaren 14an jaurti zuen ESAk, 2.300 litro helio likidorekin. Izan ere, tresnak zero absolututik gertuko tenperaturan mantendu behar zituen; ezinbestekoa zuen hori bere lana egiteko: unibertsoa infragorrian behatzeko.

Espero bezala, geroztik pixkanaka lurrunduz joan da helioa, eta apirilaren 29an agortu zen guztiz.

Astronomoek urte askotarako lana izango dute Herschelek hartutako datu-mordoa aztertzen; baina Herschelek egin du berea. Honelakoa da unibertsoa haren begietatik.

Ikusi galeria moduan

Zisnea

Zisnea

Hauts eta gasezko sare kaotikoak. Zisnearen konstelazioan dagoen izar-sorkuntzako gune bat da hau; Cygnus-X. Herschelen infragorri urruneko ikusmenari esker, sortzen ari diren izarrek berotutako gasa ikus daiteke. Gune zurixka distiratsuen atzean izar handi sortu-berriak daude (eskuinaldean).

Andromeda

Andromeda

Andromeda edo M31 galaxian, izar-sokuntza beso espiraletan gertatzen da. Galaxiako hautsik hotzenak erakusten ditu irudi honek. Gorriz ikusten dena zero absolututik gradu gutxi batzuetara dago. Kolore urdinxkaz ikusten den galaxiaren erdialdea pixka bat epelagoa da; izar zaharragoak daude bertan.

Enbrioi bat burbuila barruan

Enbrioi bat burbuila barruan

RCW 120 burbuila erdialdean dagoen izar batek sortu du, 2,5 milioi urtetan zehar inguruko hauts eta gasa kanporantz bultzatuz. Hainbeste handitu da burbuilako material-dentsitatea, ezen material hori kolapsatuz izar berriak sor baitaitezke. Burbuilaren eskuin-behealdean dagoen puntu zuri horretan, esaterako, izar-enbrioi bat dago. Herschelek erakutsi du enbrioiak eguzkiaren masa 8-10 aldiz duela dagoeneko. Eta askoz handiago egin daiteke, 2.000 eguzkik adina masa duen laino batez inguratua baitago.

Zorrotadak eta zuloak

Zorrotadak eta zuloak

Laino berdearen erdian dagoen zuloa zulo beltz bat zela pentsatzen zuten astronomoek. Baina Herschelek ikusarazi die oker zeudela. NGC 1999 izeneko laino berdearen barruan hiru izarreko sistema bat dago,  eta badirudi hiru izarretako batek jaurtitako zorrotada batek, edo agian hainbatek, egin dutela zuloa. Gorriz hauts eta gas hotz eta dentsoa ikusten da, izar berriak sortzeko materiala. Hiru puntu horietan, berriz, izar-enbrioi bana dago. Eta behekoan, bi poloetatik ateratzen diren zorrotadak ageri dira, urdinez.

Zaldi-buru nebulosa

Zaldi-buru nebulosa

Zaldi-buru nebulosa ikonoa, Herschelen begietatik. Arrosaz eta zuriz, izar-sorkuntzako gune aktiboenak.

Vela C

Vela C

Izar masiboak, eta masa txiki eta ertainekoak, neurri guztietakoak ari dira jaiotzen Vela C eskualdean.

Formalhaut izarra eta haren diskoa

Formalhaut izarra eta haren diskoa

Formalhaut izar gazteak igortzen duen erradiazioa jaso du Herschelek irudi honetan. Formalhauten inguruan materiazko disko bat dago; eguzki-sistemako Kuiperren gerrikoaren antzeko egitura bat. Diskoaren inguruan dauden objektuen arteko talketan hauts ugari sortzen da, eta hauts horrek izarrak igortzen duen erradiazioa dispertsatzen du.

Carina nebulosa

Carina nebulosa

Izar masiboen sorkuntzaren efektuak ikusten dira Carina nebulosan. Izar-haize indartsuek eta erradiazioak zutabe eta burbuila ikusgarriak sortzen dituzte hauts eta gasezko laino trinkoetan. Herschelek irudi honetan erakusten duen gas eta hautsaren masa 650.000 eguzkirena adinakoa da, eta Herschelek ikusten ez duen gas beroagoa kontuan hartuta, 900.000 eguzki-masa dira guztira

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia